Atzo arratsaldean, azaroak 20, Jesus Mari Perona Lertxundik liburua aurkeztu zuen Donostiako Aquariumeko aretoan. Orain hamar urte plazaratu zuen Mirada a las Naos Vascas del siglo XVI. Arquitectura naval, diseño y trazas liburuaren bigarren edizioa da oraingoa, bertsio berritua eta osatua.
Perona itsas munduari lotuta egon da txikitatik. Orio Arraun Elkarteko arraunlaria izan zen eta era guztietako itsasontzien zalea. Ebanista eta zurgina izan da ofizioz, Arin y Embil altzari fabrikan lehenengo eta EITBren Donostiako egoitzan gero, beti ere zurari lotutako langintzan. Afizioz, berriz, antzinako itsasontzien ikertzailea eta modelista (izan) da, eta Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko kide.
Selma Huxley ikerlari kanadiarrak ikertutako XVI. mendeko itsasgizon euskaldunen historiako dokumentuak baliatuz, eta euskal kostaldeko herrietako zenbait etxetan oraindik ere badauden harrizko erliebeetako irudietan oinarrituta, antzinako itsasontzien makina bat maketa egin du Peronak.
Liburuan ondo jasota geratu da itsasontzien alorrean pilatu duen jakinduria guztia. Aquariumeko aurkezpenean, errepaso ederra egin zuen garraiorako, arrantzarako, balea ehizarako eta, baita, Espainiako Koroak konfiskatzen zituenean, gerrarako ere baliatzen ziren ontziena.