Astelehenean, azaroak 16, arratsean, Euskal Aktoreen Batasunak antolatuta, Besarkada Sarien XXI. edizioko sari banaketa ekitaldia ospatu zen, jai giroan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. 2026. urteko sei sari banatu ziren, hiru ataletan: antzerkia, fikzio seriatua eta zinema, bana emakume eta gizonezkoentzat. Sei horiez gain, Ohorezko Besarkada saria eman zioten Iñake Irastorza aktoreari, antzerkiaren munduari eskainitako bizitza osoko lan ibilbide artistiko profesional eder eta beteagatik.
Euskara hutsez gauzatu zen ekitaldia eta antzerki eta zinema munduko euskal aktoreen topaketa alaia eta aldarrikatzailea izan zen. Umore finez zipriztindutako saioan, aktoreen lan baldintza duinez aparte, etxebizitzaren eskubidea, etorkinentzako errespetua eta bakea ere kontuan izan zituzten. Era berean, ez zuten aipatu gabe utzi gaur egun inoizko unerik gorena, sortzaileena, bizi duela euskal antzerkiaren eta fikzioaren lan munduak.
Iñake Irastorzak aretoa betetzen zuten ikus-entzuleen txalo zaparrada luze eta zirraragarriak lagunduta saria jaso aurretik, aktorearen biografia laburra azaldu zuen aurkezleak: "Iñake Irastorza Zulaika Orion jaio zen 1955eko otsailaren 4an; gaztetan, urte gutxi batzuk irakaskuntzan eman zituen lanean, han erakutsi zuen lehendik ere bazekiela zer zen zaintza eta heziketa; baina, gero, ikastetxeen mundua utzi eta antzerkiarenean abiatu zen. Geroztik horretan eman du bizitza osoa, eszenako arte-lanetan: antzerkian, telebistan eta zineman; komediarako bezala, dramarako ere, ahalmen handia erakutsiz beti, aurpegiera harrigarriak jartzeko duen gaitasun handia baliatuz. Zenbait antzerki taldetako kide izan da: Orain, Ados, Hika… eta ibili den guztietan ubera utzi du bere izaera indartsu, sentibera, grinatsu eta maitagarriak".
Viktoria Eugeniako galako aurkezleak badirudi zerbait bazekiela Iñakek, irakaskuntzan aurrena eta arte eszenikoetan gero, beti erakutsi duen errespetuzko zaintzaz eta zintzotasunaz. Baina ez zuen askorik zehaztu zertan zetzan Iñakeren ontasun hori. Seguru asko ez zekien Iñake lehenengoa izan zela jaiotzen Itxaspe baserriko zazpi senideko familia batean, bost neska eta bi mutil. Ez zuen jakingo zazpi anai-arreba haiek amaren umezurtz geratu zirela, artean denak haurrak zirela; eta, aita baserriko lanetan murgilduta, 14 bat urteko Iñakek hartu zuela etxeko lanen ardura, eta batez ere bera baino are gazteagoak ziren gainerako sei anai-arrebena; eta horretan, eta horrela, eman zituela bere gaztaroko urteak. Baina badira hori dena gogoan dutenak, eta nola Iñake, etxeko lanak antolatu eta anai-arrebak eskolara eramanda, etortzen zen herrira, zaldia lagun, etxez etxe esnea banatzera.
Bizitzaren alde gordina txikitatik ezagutu zuen neska arte eszenikoetan lanean hasi zenetik, kontaezinak dira Irastorzak parte hartutako arte-lanak. Wikipedian sartuz gero, 16 antzerki lanen zerrenda azaltzen da; antzerkiaz gain, zinemako 23 pelikula (Aupa Etxebeste!, Obaba, Arriya, Kutsidazu bidea, Ixabel…) eta telebistarako 13 serie (Goenkale, Wazemank, Brinkola, Cristobal Balentziaga…). Zerrenda horietako lehenengoa zinemako La noche boca arriba pelikula da, 1979koa; eta berriena 2026koa, aurtengoa bertakoa: telebistarako Superra.
Zerrenda horietan agertzen ez diren beste lan askotan ere parte hartu du Iñakek; besteak beste, Orioko Balearen festaren antolaketa artistikoan. 2001ean lehenengo aldiz ospatu zenean, edo handik urte gutxira, Irastorza Orion ibili zen herriko antzezle amateurrak kale-antzerkirako prestatzen.
Asteleheneko galan zehar, aldarrikapen artistiko eta politikoen artean esan zituztenetan, batek aipatu zuen aktore ona izateko pertsona ona izan behar dela. Iñakek beti erakutsi du baldintza hori primeran betetzen duela, bizitzak txikitatik eman zion aukera, etxean bertan, ontasuna eta edertasuna zer den primeran ikasteko, eta Itxaspeko neskak ez zuen alferrik galdu aukera.
Herenegun Donostiako besarkada festa handian, jende aurrean hitza hartuta Iñakek erabili zuen denbora laburra mundu guztiari, bizitzari, eskerrak emateko izan zen. "Maite zaituztet" esanez borobildu zuen hitzalditxoa. Aurretik, gogora ekarri zituen laster izango diren hauteskundeak, gaur egun bizi dugun garaia ez dela erraza esan zuen eta azaroaren 29an egin beharrekoa egitera gonbidatu zuen publikoa, arriskua daukagulako azken urteotan eskuratu ditugun eskubideak, berdintasuna eta askatasuna, galtzeko.