Uztailak gerra ekarri zigun

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2026ko uztailaren 18a

Bi zubi eraitsi zituzten dinamitaz: errioaren gainekoa eta trenbidearena. ('Gerra bat barruan degula' liburukoa)

Gaur, uztailak 18, 90 urte bete dira 1936ko gerra hasi zenetik, eta gai horri heldu dio Iñaki Iturainek uztaileko Aia-Orio Guka aldizkarian argitaratutako Oroimenaren kutxa atalean.

Uztailaren 18an 90 urte beteko dira 1936ko gerra hasi zenetik, aiarrok eta oriotarrok ezagutu dugun azken gerratik. Ez dago gugandik hain urruti: gure artean oraindik ere mordoxka bat dira 90 urtetik gorakoak, gerra haren garaikide izan zirenak. Eta haietako batzuek bete-betean pairatu zuten haren gordintasuna.

Zorionez, Iparraldeko euskaldunek ez bezala, gu libre geratu ginen Lehen eta Bigarren Mundu Gerretatik; gure gazteak ez zituzten fronte haietara eraman. Hendaian, Saran, Donibane Lohizunen eta Iparraldeko beste hainbat herritan monumentuak aurkituko dituzu gerra haietan hildako mutil gazteen oroigarri: Morts pour la patrie. Gorka Knörrek ere kantatu zuen, bere erara egokituta, ironiaz: "Euskera baizik ez zekiten haiek, morts pour la patrie".

Juventudes de Acción Católica elkarteko Orioko kideak. 

Gerra betidanik egon da munduan, gizakia gizaki denetik. Bibliak kontatzen digun lehenengo gatazka Kain eta Abel anaien artekoa da, Adan eta Evaren bi semeena. Inbidiak itsututa, Kainek Abel hil zuen. Ordutik hona, gerraz eta indarkeriaz jositako historia luzea idatzi dugu gizakumeok mendez mende.

Gerra eta Bakea literatura unibertsaleko lanik ezagunenetako bat da, Leon Tolstoik idatzia. Eleberriak Napoleonen armadaren Errusiako inbasioa du ardatz. Eta, nolabait, halakoa izan da gizakiaren historia ere: gerraren eta bakearen arteko segida etengabe eta tristea; handiak txikia irensten duenekoa.

Era horretan zigortu zituzten neska gazteak herriz herri, baita Orion ere. 

Eta gaur ere horretan jarraitzen dugu: elkar hiltzen. Benito Lertxundik urte luzez kantatu zuen: "Zer egin degu? Ezer ez. Zer egiten degu? Alkar jo. Zer egingo degu? Alkar hil", eta oihu batekin amaitzen zuen: "Hori ez, hori ez", eztarria urratu arte. Baina munduko leku askotan, tamalez, gaur ere kontrakoa entzuten da. Hor daude Gaza, Libano, Iran, Ukraina, Sudan, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Yemen edo Niger: gerra ez baita iraganeko kontua, gaur egungo zauri bizia baizik.

Zelatungo borrokaldia

Euskal Herriaren historian lehenengo gerra zein izan zen ez dakigu. Kondairaren edo istorioen lurraldera jo eta oso atzera eginez gero, Zelatungo gudaren aipamena agertzen zaigu. Duela bi mila urte baino gehiago, erromatarrak Euskal Herrira iritsi zirenekoa. Kondairak dioenez, kantabriarrek edo baskoiek aurre egin zieten; baina erromatarren indarraren kontra etsita, Aiatik eta Iturriotzetik mendian gora ihesi joan eta Zelatunera iritsi ziren. Han ohartu ziren ez zutela ihesbiderik. Eta, etsaien esku erori baino lehen, beren buruaz beste egitea erabaki zuten. Horretarako, zuhaitz baten izerdiaren pozoia hartu zuten, haginarena, eta horrela hil ziren. Gertaera haren oroigarri dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren armarrian ageri diren hiru haginak, hiru zuhaitzak.

Señorita Sabina ikasleekin, Goiko Kalerako eskaileretan. Erdian Jesusen Bihotza eta bandera espainola. 

Ordutik hona, beste gerra askok ere zigortu dituzte gure bi herriak, Aia eta Orio. Mikel Uriak Facebookeko Aiako istorioak kontuan jasotzen duenez, 1812an, Napoleonen soldaduak, hainbat gudutan porrot egin ondoren eta Donostiara jo aurretik, Aiatik igaro ziren. Han su eman zioten udaletxeari eta haren barruan gordetzen zen artxiboari. Horrela jaso zuen gertatutakoa Juan Ostolaza eskribauak, 1813an idatzitako eta gaur egun Oñatiko Gipuzkoako Agiritegian gordetzen den agirian: "1812ko otsailaren 10ean Napoleonen soldaduek Aiako herrian su eman zioten Beltranenea etxeari, bere baitan Udala zuen etxeari". Gero, Donostian hiri osoari eman zioten su.

Karlisten eta liberalen arteko gerretan ere izan ziren borrokaldiak gure inguruan. 1873an Gipuzkoako Diputazioa liberalen esku zegoen, agintariek garai hartako 10.000 pezetako saria eskaini zuten Santa Kruz apaiza, karlisten buruzagi gerrillaria, atxilotzen zuenarentzat. Aldi berean, 40 mikelete abiatu ziren haren bila: erdiak Iturriotz aldera eta beste erdiak Aiara. Baina ahalegin guztiek eta sari handi hark ez zuten lortu Santa Kruz ez harrapatzerik, ez hiltzerik.

Gerra frontean ezkondu zen gudari bat. Ikurrinarekin, Felipe Lizaso oriotarra. 

Gerrillaria Azpeitira jaitsi zen, parrokiako organoaren azpian ezkutatuta zituen fusilak hartzera. Baina liberalak zain zituen han. Orduan trikimailu bat prestatu zuen: bere burua Aia aldean erakutsi eta soldadu liberalak atzetik erakartzea. Orioko zubia zeharkatu zuen haiek atzetik zituela, eta handik igaro bezain laster zubia leherrarazi zuten. Bien bitartean, Orioko bikarioak, Juan Makazaga Arregik, Santa Kruzen laguna zenak, Azpeitiko elizan gordeta zeuden fusilak atera eta Aiara eraman zituen.

Zubia lehertu dinamitaz

Gerra askotan errepikatzen den irudia da zubia erastea, etsaia geldiarazteko edo denbora irabazteko. Horixe bera gertatu zen Orion 1936ko irailean. Uztailaren 18an militar espainiarrek estatu kolpea jo zuten Errepublikako gobernu legitimoaren aurka, eta gerra piztu zen. Handik bi hilabetera, faxistak sartzear zirela, errepublikarrek lehertu egin zuten Orioko zubia, dinamitaz. Harekin batera, herritar askok ihes egin zuen, baporeetan sartu eta euskal Iparraldera jo zuten, etor zekiekeenaren beldurrez.

Herri gehienetan fusilatu zuten norbait. Asko, kanposantuan bertan. 

Guretzat, 1936ko Espainiako Gerra Zibil hura izan da azkena. Gaur egungo oriotar eta aiar gehienok jaio gabe geunden orduan, eta, hala ere, ez zaigu guztiz arrotza gerra hura. Denok entzun ditugu haren inguruko izen eta irudi batzuk: Franco, Gernika, Jose Antonio Agirre, Eusko Gudariak, Autonomia Estatutua, División Azul, edo ondorengo 40 urteko diktadura. Eta, jakina, hilketak, suteak, beldurra, gorrotoa eta samina.

Orion herriko falangista bat, Jose Maria Carmona, hil zuten miliziano ezkertiarrek. Francoren tropak irailaren 20an sartu ziren Aian eta Orion. Ondoren etorri zen errepresioa: Orion Teodoro Mitxelena langilea hil zuten falangistek.

Gerra irabazi zutenen aldeko militarrak, zubia berreraiki ondoren. 

Irabazleek gerra osteko garaiari "40 años de paz" deitu zioten. A zer nolako bakea! Alderdi bakarra, sindikatu bakarra, erlijio bakarra, hizkuntza bakarra… Eta galtzaileentzat, errepresioa: fusilatzeak, kartzela, ondasunen konfiskazioa, etxeen galera eta askatasunik eza. Herriko hiru emakumeri ilea kaskamotz moztu eta jendaurrean erabili zituzten, haiek lotsarazi eta umiliatu nahian.

Herriko kale askori izena aldatu zioten: General Franco, General Mola, Calvo Sotelo, Plaza de España, Jose Maria Carmona izena... Teodoro Mitxelenaren oroitzapena, berriz, isilagoa izan zen: haren alarguna eta bi seme-alabak urtero joaten ziren Getariako hilerrira, otoitz egitera, haren oroimenez, non hil zuten ziur jakin gabe, eta inoiz hilobirik izan gabe.

Unai Manterola apaizarekin batera, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoko agiriak aztertuta, baieztatu zen lehendik bagenuen susmoa: 1936ko gerra irabazi zutenen aldeko soldadu hildako guztiek izan zuten hileta Orioko elizan, banan-banan, eta kasu gehienetan gorpua bertan zela. Beste aldean borrokatu eta hildakoetatik, aldiz, bakar batek ere ez zuen izan. Horixe izan zen aldea: batzuek aitortza publikoa izan zuten; besteek, isiltasuna.

Aiaren kasuan, berriz, gerrako frontean hainbat gazte hil ziren. Baina gerra frontetik aparte ere hainbat jende hil zuten. Gabino Alustiza alkatea eta Miel Uria alkateordea atxilotu zituzten, eta biak Donostiako Ondarretako kartzelan espetxeratu. Handik Gabino Hernaniko hilerrira eraman eta fusilatu egin zuten 1936ko urriaren 27an; Uria, berriz, isuna ordaindu ondoren askatu. Antonio Usabiaga Zabala Getariako kanposantuan fusilatu zuten 1936ko urriaren 3an. Olaskoaga Azpi baserriko Jose Lorenzo Huegun Ostolaza, 1939ko azaroaren 25ean, Donostian. Aranguren baserriko Esteban Larrarte Arrese ere Donostian.

Laurogeita hamar urte pasatu dira gizon haiek, inolako epaiketarik gabe, harrapatu eta akabatu zituztenetik. Ez da urte txarra haiek gogora ekartzeko eta gerrarik gabeko mundua amestu eta horren alde lan egiteko. 

(Argazkiak: Gerra bat barruan degula liburutik).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide