Juan Kruz Juaristi apaizaren agurra

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2026ko martxoaren 10a

Juan Kruz Juaristi, artxiboko irudian. (Utzitakoa)

Rikardo Uzkudun Ritxi Orioko semeak liburu bat plazaratu zuen 2005ean Juaristiri buruz: Juan Cruz Juaristi eta Ruanda. Gogoa Afrikaren bihotzean. Apaiz zarauztarrak 93 urterekin hartu du erretiroa, Elgetan. 

Rikardo Uzkudun Ritxi Orioko semeak liburu bat plazaratu zuen 2005ean: Juan Cruz Juaristi eta Ruanda. Gogoa Afrikaren bihotzean. Orioko Kultur Etxean aurkeztutako liburua Ori-Zautz gobernuz kanpoko elkarteak argitaratua zuen, Zarauzko Udalaren laguntzaz, Juan Kruzen Ruandako esperientzia baliotsuaren testigantza jasotzeko.

Liburuak bi zati ditu: lehenengoan, Juan Kruzek berak idatzitako Ruandaren historia jasotzen da; bigarrenean, Rikardok apaizari egindako elkarrizketa luze eta mamitsua dator. Hitzaurrea Orioko herritar batek idatzi zuen, bertan bizi den Demetrio Esnaola lazkaotarrak. Demetrio bera ere, eta haren emazte Maria Jesus Campos oriotarra, misiolari-lanetan ibili ziren, Juaristi bezala, Ruanda aldean.

Juan Kruz Juaristiren biografia

Juan Kruz Juaristi Ostolaza Zarautzen jaio zen 1932an, familia kristau batean. 11 urte zituela sartu zen Saturrarango seminario txikian, 15ekin Gasteizkoan. Apaiz ikasketak Donostian bukatuta, Lourdesen egindako ospakizunean apaiztu zen, 25 urte zituela. Orioko parrokia izan zuen lehenengo destinoa, 1958an. Sei urte eman zituen Orioko herrian, 1964 arte. Garai hartan lau apaiz zeuden Orion, 4.000 biztanle izatera iristen ez zen herri txikian. On Victorio Unzetabarrenetxea debarra zen bikarioa; harekin batera zeuden On Sotero Plazaola zegamarra, On Antonino Agirre oriotarra eta On Juan Kruz Juaristi zarauztarra.

1964an agur egiteko meza jendetsua eta emozio handikoa eman zuen Juan Kruzek Orioko San Nikolas elizan. Misiolari joan zen Afrika aldera. Bi urte eman zituen Bruselan Ruandako bi hizkuntza ofizialak ikasten, bertako kinyarwuanda eta frantsesa. Gero 33 urte eman zituen segidan Ruandako misioan, kinyarwuanda hitz eginez aritu zen ebanjelizatze-lanetan, XX. mendearen bukaera aldean bertan gerra zibila piztu zen arte, hutu eta tutsi etnien artean. 2000. urtean bere lagun bat hil zuten gerra hartan, bera bezala han apaiz lanetan ziharduen Isidro Uzkudun.

Egoera hartan Ruandan segitzeak hango misiolarien bizia arrisku handian jartzen zuela-eta, Juaristi etxeratu egin zen. Euskal Herrira etorrita, Elgetako apaiz ardura eman zion gotzainak. Han aritu da geroztik Juan Kruz apaiz lanetan, Elgetako elizan, 23 urtez. Aurtengo Errege egunean eman zuen han agurreko meza, 93 urte zituela. Orain Avilako herri txiki batera joan da bizitzera, Ruandan berarekin batera bizi izandako apaiz baten etxera. Ez omen dago urruti eta tarteka etorriko omen da bisitan Zarautz aldera, eta udan Ruandara joango omen da, han elizbarrutiko lagunei bisita egitera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide