Zarauzko futbol 'plai-eroa': kirolik amateurrena

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2025eko abenduaren 29a

J.J.Lanberri, A.Segurola, J.J. Zubizarreta, B. Etxeberria, L. Lertxundi, M. Ibarbia, J. Agirrebeña, J. Lizarralde, J. Genova, J. Molinero, X. Uranga, 'Katxo', J. Molinero, P. Peña, J. Azkue.

Azaroko Aia-Orio Guka aldizkariko Oroimenaren Kutxa ataleko artikulua da honakoa.

Zarauzko herriak garrantzi handia izan du, eta du, oso aspalditik, oriotarrentzat. Herri handiagoa da, zerbitzu gehiago eskaintzen ditu, eta gertu dugu. Haurrak ikastetxeetara, gazteak plazan dantza egitera, parrandara, ligatzera…, nagusiak lanera, zinemara, kirola egitera, malekoian paseatzera... Gaur egun, igande goizetan Oribarzarretik barrena Oriotik oinez joaten direnak ere asko dira, Santiagorako bidean dabiltzanak bezala.

Zarautzera ezkondutako oriotarrak edota bizitzera joandakoak ere askotxo dira. Aurtengo udan Zarauzko balkoietan ia bandera hori gehiago egon da jarrita urdina baino. Urtean zehar, jarduera asko izan ohi dira Zarautzen, inguruko herrietatik jendea daramatenak: uda hasierako San Pelaio jaiak, abuztuko Aste Nagusia, iraileko Euskal Jaia, eta asteburuetako hainbat kirol saio. Itsasoan: traineru estropadak eta Getaria-Zarautz zeharkaldia igerian; lehorrean: pilota, eskubaloia, errugbia, futbola…

1950. Pako Pintxe, Xilberio Uranga, Joakin Akaña, Juan Jose Paxai, Jose Mari Ollua. Ramon Barrabas, Juanito Miralles, Leopoldo Bravo, Tibur Arostegi, Jose Mari Txupetes, Jesus Gori.

Horiez gain, bada kirol jarduera bat sortu zenetik urtero oriotar pila bat daramana Zarauzko hondartzara futbolean jokatzera, modu guztiz amateurrean: plaieroak.

Urriaren 5ean hasi berria dugu Zarauzko plaieroen beste denboraldi bat, 82.a. Aurtengo maiatzaren 11n jokatu ziren 2024-2025eko finalak. Orioko talde bakarra iritsi zen: Zaragueta eskolako neska-mutikoena, eta irabazi egin zuten, 5 eta 1. Sari banaketan, besteak beste, Jose Anjel Iribar eta Xabier Prieto aritu ziren, hurrenez hurren, Athleticen eta Realaren ordezkari.

1950-1951 denboraldia: Celso, Murgiondo, Altxerri, Urdangarin, Castro, Larrañaga. Zubizarreta, Irure, Kiriki, Azkue, Etxeberria.

Plaieroen lehenengo edizioa

Aurreneko txapelketa 1944an jokatu zen. Geroztik, etenik gabe, urtero antolatu du Zarauzko Kirol Elkarteak hondartzako futbol lehiaketa. Erraz esaten da! Urte hartan bertan sortu zen Club Deportivo Zarautz; beraz, plaieroak dira klub horren aurreneko emaitza garrantzitsua. Bigarren Mundu Gerra artean bukatu gabea zela jarri zituzten, hondartzako itsasbeheran, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orioko orduko infantilak oinutsik baloiari ostikoak ematen. Zazpi talde lehiatu ziren; Zarauzko Beti Alegrek 2-1 irabazi zion finala Getariko Muxu Truki.

Orioko Mendibeltz futbol zelaiaren aurretik Antilla izenekoa egon zen hondartza ondoan, 1978an zabaldu zenetik. Horien aurretik, San Juan izeneko beste bat izan zen gerra aurreko urteetan, Gabon taberna dagoen inguruan, 1924tik. Gerra ondoren, futbol zelairik ezean, Zarauzko hondartza izan zen Orioko gazteen futbol jokalekua; eta beti izan dira talde oriotarrak plaieroetan.

J. Molinero, L. Lertxundi, B. Etxeberria, I. Ondozabal, R. Sarasua, X. Uranga; P. Peña, J.L. Miralles, P. Larrañaga, I. Arrizabalaga, D. Intxauspe.

Espainian jokatzen diren hondartzako futbol txapelketetan zaharrena da Zarauzkoa. Donostiako Kontxan ere bada futbol plaieroa, baina ez da Zarauzkoa bezain zaharra. Zumaiako Itzurunen ere jokatu da urte batzuetan. Eta Orion ere bai, 1976-1980 artean. Udaberrian jokatzen zuten, Zarauzkoaren ondoren, herriko senior mailako taldeek. Bi partida jokatzen ziren aldi berean eta, mareagatik ahal zenean, bi txanda. Loretxu, Kukuarri eta Conservas Azkue nabarmendu ziren txapelketa haietan.

Zarauzko plaieroen 50. edizioan, 1994ko martxoaren 27an, urteurren borobila ondo ospatzeko, 50 futbol partida jokatu ziren Zarauzko hondartzan aldi berean, alde batetik bestera bi lerro osatuz: 25 eta 25 partida, 100 talde, 1.100 jokalari. Guinness munduko errekorren liburuan sartu zen egun hartakoa.

1961. Jose Mari San Sebastian, Jose Antonio Lizaso, Jose Molinero, Domingo San Sebastian, Jose Mari Fresnedo, Jose Mari Aramendi, Josekutx Exposito. Juanito Urkizu, Ignazio Zaldua, Jose Mari Urdangarin, Jesus Arrieta, Florentino Arrizabalaga.

Hondartzako protagonistak

Plaieroen historian asko izan dira haurrak zirela futbolean hondartzan hasi eta futbolari ezagun izan direnak. Ezagunena Jose Anjel Iribar, aurten 82 urte bete dituen zarauztarra. Ezagunak zaizkigu, baita ere, Rafa de Diego, Jose Ignacio Txurruka, Estanis Argote, Manu Urbieta, Txema Rauleaga, Juan Karlos Pardina, Yuri Berchiche, Leire Paredes, Marina Agoues... zarauztarrak; Aitor Arregi eta Jose Antonio de la Hoz Uranga getariarrak; edo Ignazio Zaldua, Jose Mari Aranguren, Joseba Agirre, Iosu Esnaola, Imanol Alguacil eta Ainara Manterola oriotarrak...

Orioko taldeak

Neska-mutilek hondartzan futbolean jokatzeko beharrezkoa izan da beti atzean taldea antolatzeko elkarteren bat egotea. Orioko hauei esker osatu izan dira taldeak: Parrokiako luistarrak; CRO Orio (urte batzuetan herriko kirol klub ofizial bakarra zen, eta futbol, pilota eta gainerako kiroletako jardunak CRO Orioren bidez egiten ziren); mendizaleen elkartetik sortu zen Kukuarri taldea. Herriko bi ikastetxeak ere aspalditik ari dira urtero: Ikastola eta Zaragueta; derby ederrak eskaini izan dituzte. Horien aurretik, Luis Cisneros maisuaren eskolako mutilek ere jokatu zuten Aguiluchos izenean. Taldeak antolatzen, entrenatzen, delegatu-lanak egiten eta laguntzen ere ibili dira batzuk urteetan; gogoan ditugu Xanti Zaldua, Euxebio Beldarrain Patxerrikondo zena, Pako Barjakoba, Juan Antonio Iturain...

1994ko errekorra. X. Zaldua, P. Orbañanos, M. Romero, J. Karrera, J. Dorronsoro, C. eta V. Fernandez, I. Iturain, J. Lizarralde, J.A. Iturain, J.J. Zubizarreta, J. Esnal. F. Velez, J. Diaz, J. Zaldua, B. Oliden, J. Egibar, J. I. Sarasua, J.M. Olasagasti, J.L. San Sebastian.

Horiez gain, izan dira herriko fabrika, taberna eta saltokiak izena eta dirua eman dutenak, hondartzako futbol taldeei laguntzeko: Conservas Azkue, Pinturas Dominguez, Automobiles Azkue, Euskalduna, Toki Alai, Hostal Duque, Bodegon Jose Mari, Xixario, Restaurante Oliden, Salon Oliden, Kepa Loidi, Txirla, Bordatxo, Loretxu, Aurrera, Gabon, Itzala, Katxiña...

Munduko kirolik amateurrena

Txapelketa udazkenean hasi eta finalak udaberrian jokatzen dira; partida gehienak neguan, inoiz goizeko zortzietan, elurretan, jokalariak oinutsik, blai eta hotzak akabatzen. Hondartzan bertan arropa aldatu, jantziak hondar gainean laga, jokalekua mugatzeko marrak oinak arrastatuz markatu, burdinazko porteriak altxatu, eta futbolean jokatzera, goiko erdia aldapan eta behekoa putzu-zuloz beteta, faltak ateratzeko baloia hondar-tontortxo baten gainean jarriz... Zerbaitengatik esan ohi da: "Plaieroak, plaiako eroak"; "plaiako heroiak" esanda, hobeto legoke.

2025. Euskal Parrilla: Ainara Bravo, Maialen Olazabal, Garazi Urbieta, Laida Romero, Anboto Salsamendi, Maddi Alkain, Irati Gonzalez, Malen Genova, Itsaso Bolinaga, Nora Bravo. Ana Manterola, Idoia Mujika, Dania Alguacil, Intza Unanue, Nahia Uranga, Olatz Aizpurua, Ingrid Roig, Uxue Azkonobieta.

Epaile lanak egitea ere tokatzen zaie txandaka edo zozketaz, edo auskalo nola! Eta partidak sarerik gabeko porteriekin, area ere markatu gabe eta marra-zainik gabe. Benetako heroiak horiexek dira, seniorretako partidak arbitratzen ausartzen direnak, zeinetan jokalari batzuk gaupasa eginda bertaratzen diren, edo haurren partidak, zeinetan begira umeen gurasoak dauden. Zaila da irudikatzea mundu osoan Zarauzko plaieroak baino kirol amateurragorik, musu-truk, garai batean behintzat musua baino muturrekoa jasotzeko arrisku handiagoarekin.

Gauzak, hala ere, pixka bat aldatu dira, hobera: orain mutilekin batera neskak ere badabiltza baloiaren atzetik. Gaztetxoen mailetan oinetakoak jantzita jokatzen dute. Salbuespenak salbuespen, jokalarien arteko borrokak edo epailearen kontrako itsuskeriak iraganeko kontuak dira. Partidaren ondorengo hirugarren denbora asmatu dute, herriko tabernaren batean, pintxoa jan eta tragoa edanez, elkarrekin solasteko aukera, giro onean.

(Argazkiak: Goizeko taberna eta Orio futbolean liburua)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide