Hiru segundoko zigorra eta arraunlari ingelesen bisita

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2025ko ira. 9a, 14:53

Cambridgeko bi arraunlariak, eta haien emazteak, 1969ko Orioko nazioarteko estropada gogoan, oraingo estropalari oriotarrei Donostian egindako bisitan. (Joxemari Olasagasti)

Ahaztu ditzagun hiru segundo xelebre horiek, ahanzturaren zakuan sartuta, eta ea 2025eko edizioak arraunzale oriotarroi aukera ematen digun urte borobilen historiari beste katebegi bat eransteko (1901, 1925, 1975, 2000, 2020…), gogoratzen segitzeko eta oraina bizitzeko.

2025eko irailaren 7ko Kontxako estropada berezia izan zen: Oriok bere historia guztiko denborarik onena egin zuen: 18:56,36, igandeko gainerako zazpi traineruek baino hobea eta denen aurretik helmugaratu zen, baina ez zuen norgehiagoka irabazi. Estropadako denboren historiako bigarren onena egin zuen, Urdaibairen 2017koaren ondoren; baina ez da hala agertuko sailkapen ofizialean. Oriok hiru segundo galdu zituen, baina ez ziabogan, ez olatu batean, ez, estropada hasi aurretik galdu zituen, galarazi zizkioten. Estropada berezia izan zen bai 2025ekoa, inondik ere. Horrelaxe gogoratuko dugu Donostiako estropadaren 2025eko edizioa.

Hiru segundoko zigorra izan zuen Orioko mutilen traineruak. Erabakiak harridura sortu zuen bazterretan. Galdera asko entzun nituen nik: hiru segundoko zigorra? Ezer txarrik inori egin ez zioten Orioko 14 arraunlariei? Zer dela eta? Eta zigortzen hasita, zergatik mutilen traineruari, zero kalekoa mutilen estropada hasi aurretik izan bazen? Zer segundotan zegoen nesken eta mutilen estropaden arteko muga?

Niri bestelako galderak ere bururatu zaizkit: hiru segundo zer dira, asko edo gutxi? Zenbat segundo behar izan zituzten epaileek erabaki zigortzailea hartzen? Zenbat milioi segundo eman ote dituzte zigortutako arraunlariek estropada hori prestatzen?

Igandekoak 1970eko Getaria-Donostia itsas zeharkaldia gogorarazi dit. Aurten, 1970ean bezala, oriotarrak besteen atzetik abiatu dira; baina aurten orduan ez bezala, adostasunik gabe, epaileek inposatuta. 1970ean Oriok besteei bentaja eman zien, estropadaren antolatzaileek hori proposatuta, Lasarteri, Donostiari eta Zuberoari Kontxako bi estropadetan kendutako denbora halako bi eman zien Getariako abialekuan.

Gogoratzen hasita, aurtengo estropadak badu ederretik ere, oroigarri polita: estropada bukatu ondoren, Donostiako moilan oriotarrek adineko lau ingelesen (bi bikote) bisita izan zuten. Joxe Mari Olasagastik kontatu digu: "Gaur, irailak 7, Donostian, Orioko traineruak kokatuta zeuden tokian bisita zirraragarria izan dugu. Adin handiko lau ingeles agertu zaizkigu, gure harridurarako poltsa batetik hasi dira ateratzen 1969ko Orioko nazioarteko estropadaren kartela, txapela eta bandera horia eta garai hartako hiruzpalau aldizkari: Cambridge garaile Orion. Bi gizonak 1969ko Orioko estropadan Cambridgeren zortzikoan irabazitakoak ziren".

Kontxako estropadak, besteak beste, horretarako balio baitigu arraunzaleoi: gogoratzeko, oroitzeko. Eta gogoan ditugun edizioak aipatzen hasita, orain dela 100 urtekoa aipatu behar, 1925ekoa, Oriok bandera irabazi baitzuen; orain dela 50 urte berdin, 1975ean; duela 25 urte ere bai, 2000.ean; eta baita orain 5 urte ere, 2020an, nesketan; patroi Uranga, Altxerri, Oskar eta Nadeth zirela.

Gogoratzen segituko dugu. Kontxan 1909, 1910 eta 1919ko banderak irabazi zituen Joxe Julian Arruti (Joxe Andu) oraingo traineruko arraunlari baten birraitona zen, Ibon Arruti Aldaperena, eta baita orain bost urtekoa irabazi zuen Itziar Olasagastirena ere. Belaunaldiz belaunaldiko katea ez da eten, Altxerritarrena bezala.

Lehen esan gabe geratu da: 1970ean besteei bentaja emanda jokatu zuenean, besteen atzetik abiatuta ere Orio aurrena iritsi zen Donostiara. Ahaztu ditzagun hiru segundo xelebre horiek, ahanzturaren zakuan sartuta, eta ea 2025eko edizioak arraunzale oriotarroi aukera ematen digun urte borobilen historiari beste katebegi bat eransteko (1901, 1925, 1975, 2000, 2020…), gogoratzen segitzeko eta oraina bizitzeko! Gora arraunlariak!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide