Uztailaren 20an gertatu da

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2025ko uzt. 23a, 10:00

Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak, uztailaren 20ko garaipena ospatzen herritarrekin batera. (Joxeju eta Joxemari Olasagasti)

Orio Arraunketa Elkarteak uztailaren 20an irabazitako hiru banderen harira, Iñaki Iturainek hurrengo iritzia helarazi dio Gukari.

Uztailaren 20an izan da, 2025ekoan, Orion. Egun horretara arte oso gutxitan gertatuko zen, inon: Arraun klub batek hiru bandera eskuratu ditu egun berean. Itziar Olasagasti arraunlari ohiak gogorarazi digu Oriok lortu zuela hori lehen ere: 2012an eta 2019an. Seguru asko, beste inork ez. Gainera, garaipen horiekin hiru taldeak, bakoitza bere ligan, sailkapeneko lehen tokian kokatu dira. Hori kolorea nagusi hiru liga desberdinetan: nesketan eta mutiletako bietan.

Uztailaren 14an frantsesek beren aberri eguna ospatzen dute, uztailaren 18an faxista espainiar nostalgikoek Franco eta gainerako militar golpisten altxamendua. Arraun munduak badu egun bat gogoratzeko modukoa; oriotarrek, gainera, ospatzekoa: 2025eko uztailaren 20a.

Igandean, arratseko zortzietan, herriko plazan bildu zen jende pila ere egindako balentriaren parekoa izan zen. A zer jendetza ongietorrian! Plazak Kontxako bandera irabazi izan denetan bezalako itxura hartu zuen. Orion oro hori! Eta giroa girotzen, kalean gora kalean behera, herriko txaranga, Orioko arraunari estuki lotutako kantuak jotzen: Fabian Loidiren Bat, bi, hiru lau, Antonio Marinen Aliron, Isidro Larrañaga tolosarraren Oriotarrak arraun, Benitoren Mirotzak eta Orbegozoren Orioko balea bertsoen doinua egokituz Patxi Danbolinek sortua; eta herritarrentzako ezezaguna zen beste bat, Orioko ongietorrietan berria zena.

Guka aldizkari honen azken zenbakian (474) plazaratu zen Arraunlari herrietako kontuak eta kantuak izeneko erreportajean (42. orrialdean) zetorren kantu horren berri. 1936ko gerraren aurretik Orion kantatzen zen arraun-ereserkia da. Garai hartan, dirudienez, oriotarrek honela abesten zutena: Gora Mitxelena ta beraren koadrila, urte askoan ondo kontserba dadila, buruz azkarra eta memoriz abila, berriz ere saiatuko gera banderaren bila.

Badirudi Antonio Marin Orioko musika-bandaren sortzaile eta garai hartako zuzendariak nonbaitetik ekarritako Alironak lekua kendu ziola kantu horri, eta Orion lanean ziharduen hondarribiar batek, kantua ederretsita, bere herrira eraman zuela. 1947tik aurrera horixe kantatzen dute Hondarribian, garaian garaiko patroiaren izena egokituta: Beñardo, Lujanbio, eta orain Joseba. Orioko txarangak orain berreskuratu egin du, Orioko arraun-kantuen errepertorioa osatu, eta gerra aurreko garai eta giroarekiko zubi bat eraiki. Ez da txarra kantu eder bat, egokituta, herri desberdinetan kantatzea, alderantziz, seinale ona da; horixe bera gertatzen da Bat, bi, hiru, lau doinuarekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide