Eugenio eta Benito, Orioko barran hil orain 50 urte

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain

XX. mendean barran hildakoen oroimenez jarritako plaka. (Iñaki Iturain)

Benito Lertxundi Lizasoren eta Eugenio Zabala Zubiarrainen heriotzaren 50. urteurrenaren harira, Iñaki Iturainek hurrengo gutuna helarazi dio Gukari.

Atzo, ekainak 10, 50 urte bete ziren Orioko barran bi arraunlari ito zirenetik. 1975ean hil ziren bi mutil haiek ixten dute barra-muturreko plakako zerrenda. Beraz, horren arabera, haiek dira azken 50 urteotan barran hildako azkenak: Benito Lertxundi Lizaso, Andu baserriko bost senideko familiako zaharrena eta mutil bakarra; eta Eugenio Zabala Zubiarrain, Adunakoa.

Lasarte Michelin arraun klubeko trainerillan entrenatzen ari ziren arratsalde hartan. Itsaso txarra zen eta, itsaso zabalera atera gabe, barran zebiltzan olatuak hartzeko saioak egiten. Olatu txar batek ekarri zuen istripua eta mutil gazte haien heriotza. Geroztik, Lasarte-Michelinek 1979an lehiatzeari utzi zion arte, haien traineruak Eugenio eta Benito izena izan zuen, bi arraunlariak gogoan.

Hogeita hiru izenek osatzen dute barrako zerrenda tragiko hura, XX. mendean Oriok itsasorako duen ur-bide bakar horretan ito ziren arrantzale eta arraunlariek osatua. 23 gizon horietako bakoitzaren izen-abizenak daude zerrendan zehaztuta, eta harekin batera Fabian Loidiren bertsoa:

Oriotarren kezka minena da barra itsasorako duten urbide bakarra ogi bila joateko igaro beharra heriotza dutela zelatari zaharra.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide