Bixentiko Korta hil da

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2024ko uzt. 31a, 09:00

Bixentiko, 1968an, Oxford-Orio egunean. Atzean: Jose Ramon 'Altxerri', Jose Luis Korta, Patxi Sarasua, Juan 'Altxerri', Jose Manuel Bereziartua, Jesus Mari Agote, Luziano Manterola eta Estanis Sarasua.

Bixente Korta hil zen, uztailaren 19an. Arraunaren historian geratuko da betiko.

Uztailaren 19an Bixente Korta Elizondo hil zen, 70 urte zituela, Kantabriako Castro Urdialesen. Biharamunean izan zen hileta Castron bertan.

Bixentiko Ortzaikan jaio zen (1954-06-17), lau senideko familian: Ana Mari (+), Beatriz, Jose Luis eta Bixente. Txikitatik hasi zen arraunean, errio ondoko etxean jaiotako mutila. Lehenengo estropada Andoainen jokatu zuen bateletan, 1964an, gero patroi ibilitako Altxerri eta Gorriya arraunean zituela. Orioko Arraun Olinpikoko taldearen sorrerako garaia bete-betean bizi izan zuen: 1968ko abuztuaren 25ean, Orion jokatu zen lehenengo nazioarteko estropadan, Oxforden kontra nagusitu zen oriotarren zortziko ontziaren lemazaina izan zen Bixentiko, hamalau urte zituela. Hauexek dira egun hartan, zortziko historiko hura osatu zuten arraunlariak: Estanis Sarasua, Luziano Manterola, Jesus Mari Agote, Jose Manuel Bereziartua, Juanito Lizarralde Altxerri, Patxi Sarasua, Jose Luis Korta eta Jose Ramon Lizarralde Altxerri.

1973an, anaiari segika, Lasarte-Michelin-era joan zen; urte hartan bertan, Donostiako bandera eskuratu zuten traineruko hamalaukoan ziren Ortzaikako bi anaiek, patroi Antonio Oliden zutela. Jose Luisekin batera, Espainiako hiru txapelketa eman zizkion Bixentikok Lasarteko klubari, biko skullean. Gero, berriz Orion eta ondoren Kaikun ibili ondoren, Castrora joan zen entrenadore. Geroztik bertan bizi izan da. Han ezkonduta, bi seme izan zituen. Castroko arraun klubaren presidente ere izan zen bolada batean; hain zuzen, garai hartan eraman zuen bere anaia Jose Luis Castrora entrenatzaile, 1997an. Arraunaren historian geratuko da Bixente Kortaren izena. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide