Angel Lizaso zenaren argazkia Kataluniatik

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2020ko uzt. 14a, 08:44

Angel Lizasori ateratako argazkia bidali du KARKARAra pasa den urtera arte Orioko Goiko Kalean bizi zen Enrik Puig kataluniarrak.

Argazki bat iritsi zaigu Kataluniatik KARKARAra. Enrik Puigek bidali digu bere herritik, Lleidako Gissonatik. Orain han bizi da Enrik, baina iaz arte urte batzuk eman zituen Orioko Goiko Kalean bizitzen. Enrikek KARKARAren bidez jakin du Angel Lizaso sakristauaren heriotzaren berri eta, esan digunez, ustekabe mingarria izan du haren heriotza.

Harreman berezia omen zuen Angelekin eta haren kuadrillakoekin. Enrik oso argazkizalea da, Orioko erretratu asko egin zituen hemengo bere egonaldian. 2012ko egun batean, Angel Lizasok kalean topatu zuen Enrik argazki-kamerarekin, elizako kanpandorrera gonbidatu zuen, handik argazki ederrak egingo zituelakoan. Katalana gustura egon zen herriko etxeen gainetik herriaren argazkiak egiten, Angelen konpainian eta, jakina, fotografia bat egin zion Angeli berari. Gero eskura eman zion haren kopia bat paperean, aitzakia harekin txikito bana hartzeko elkarrekin.

Angel orain aingeru ere bihurtu zaigun honetan, Enrikek argazkia erakutsi nahi izan digu oriotarroi, sakristau zenaren eskuzabaltasunaren eta umore onaren oroimenez eta esker onez. Visca Angel!

Eskerrik asko, Enrik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide