Anjel Lizaso: sakristau lanetan 60 urtez

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2020ko uzt. 14a, 09:26

2014ko urtarrilean argitaratutako KARKARAn Angel Lizasori buruz artikulua idatzi zuen Iñaki Iturainek Oroimenaren Kutxa atalerako. Hona hemen testua.

Urte Berri eguneko mezan zabaldu zuen Unai Manterola apaizak: gaur 60 urte bete dira Anjel Lizaso Orioko elizako sakristau denetik, 1954ko urtarrilaren 1ean egin baitzen sakristau.

Herrian ez dago inor Anjel baino hileta gehiagotan egondakorik, azken 60 urteotako ia denetan. Ardura isila du, sekula txalotzen ez den lan lotua bezain beharrezkoa, dedikazio jarraitua eskatzen duena, borondate hutsezkoa, diru-saririk gabea. Lan profesionala Arineneko altzari-fabrikan egin du.

Lizaso 1940ko urtarrilaren 18an jaio zen, bixki. 1947anegin zuen lehen jaunartzea, zazpi urterekin. Urte hartan bertan monagillo hasi zen, elizan laguntzen; eta 1954an, 13 urterekin, sakristau izendatu zuten. Ordura arte, ardura horretan jardundako Joakin Aldabe ordezkatzera etorri zen. Eta horretan segitzen du 2014an ere. 1966an, soldadu joatea ego-kitu zitzaion Ferrolera, Marinan. Bi urte oso eman zituen. Han ere sakristau egon zen.

Ederki aldatu da panorama, gaur egun 30 urterekin ere asko lana topatu ezinik dabiltza oraingo gazteak, gizartean lekurik egin ezinik. Orduan, berriz, asko hasten ziren lanean13-14 urterekin: mutilak, txotxo, baporean, edo pintxe, taile-rrean; neskak, eskabetxerian edo neskame. Anjel, sakristau, elizan.

Gai honek, Anjelen ardurak ez du epika handirik, horiek politikari eta gudarientzat izan ohi dira. Sakristauaren ibilbideak aipagarritik iraupena du, jarraikortasuna, denboran ardurari eustea, segitzea, ez etsitzea. Anjel arnas luzeko gizona da. Hirurogei urte sakristau, alajaina!

Erraz esaten da, 60 urte; baina ez da erraza, ardura edozein dela ere. Anjel sakristau egin zenean, Don Jose Maria Astigarraga zen Orioko bikario; Juanito Loidi, alkate; eta Pio XII.a, Aita Santu. Orduz geroztik, Jose Mariaren ondoren, Viktorio Unzetabarrenetxea eta Andres Garmendia izan ziren Orion bikario, Unairen aurretik. Eta Aita Santu, berriz, bost izan ditu Erromako Elizak oraingo Frantziskoren aurretik: Joan XXIII, Paulo VI, Joan Paulo I, Joan Paulo II eta Benedikto XVI. Horiek denak ezagutu ditu Anjel Lizasok, bera sakristau denetik.

Sakristauak eliza du lantoki; haren zaintza eta apainketa, ardura. Elizako santuen artean, Anjelek aingerua ematen du: aldareko aingeruak bezain isila, Aingeru Guardakoa bezain langilea. Ardura nagusia apaizari laguntzea du, sakristiaz eta elizkizunetarako behar diren lanabesez arduratzea: kaliza,o stiak, ardoa, meza-jantziak... baita hil kanpaiak jotzea ere. Garai batean, goizeko seietan jotzen zituen matutiak. Behin huts egin zuen zeregin horretan, 1957ko egun batean: ordu-bete lehenago jo zuen kanpaia. Egun hartan jende asko joan zen ordubete goizago tren-geltokira. Herriko iratzargailua ere bazen Anjel herriko etxe askotan.

Kristauen elizak 2.000 urte ditu. Horren barruan, Anjelek sakristau arduran 60 bete ditu. Aukera polita eskaintzen digu gogoratzeko aurten, 2014ko sanpedrotan, Karkarak 25 urtebeteko dituela bere zereginean: oriotarrei Orioko kontuen berri ematen.

Musika-banda batean instrumentu batek desafinatzen badu, emaitza negargarria izan daiteke, denek jo behar dute ondo. Herri bat ere hobeto doa, bere ibilbide historikoan, inork desafinatzen ez duenean. Kasu gehienetan, ardura ba-tean luze irautea gauzak ondo egiten diren seinale izaten da.KARKARAri oraindik asko falta zaio 60. urteurrenerako. An-jelek eredu ona eman dio, aldizkariak 347. zenbaki honekin hasi duen ibilbide berrian. Segi aurrera, alez ale, etengabe. Urak ere, tantaz tanta, harkaitza zulatu egiten baldin badu, ondo erabilitako hitzak ere bere eginkizuna beteko duelako-an.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide