Aldaketa urtea izan da azken hau: helburu bat jarri nion nire buruari, eta horretan nabil. Oraindik ez naiz amaierara iritsi, baina konturatu naiz bukaerako muga horretara heltzea baino garrantzitsuagoa bihurtu dela bide berri horretan barrena jardutea, mundu berri bat ireki niolako nire bideari. Gauza asko ikastea tokatu zait, eta are gauza gehiago desikasi behar izan ditut, baina gauzarik ederrena egunero prozesua bizitzea bera izan da.
Batek esango luke ohitura txarrak ahaztea dela hori, baina nahiago dut desikasten aritu naizela esatea. Ikasiak eta zeharo barneratuta dauzkagun hainbat jokabide, pentsaera edo ohitura zeinen okerrak diren batzuetan! Are kaltegarriagoak dauzkagula konturatzen ez garenean; hori izan da beste ikasgai garrantzitsu bat, horiek sumatzea. Atzean utzi behar izan ditut aurrera egiteko, erabat baldintzatzen nindutelako.
Bide berrien lehen urratsak noiz eman ziren zehaztea
ia ezinezkoa da
Eta hara! Emaitzak berez etortzen hasi ziren, gutxinaka-gutxinaka, horretarako sekulako indarra eta intentzioa jartzeko beharrik izan gabe. Aurrerapauso bakoitza, jaitsitako eskailera maila bakoitza ospatzen ere ikasi dut, "guztia ala ezer ez" ideia atzean utzita, 31 eskutik eduki gabe ere partida irabaztea posible baita.
Nola edo noiz dator txip aldaketa? Ba, auskalo, norberak jakingo du. Gertakari berak desberdin eragin diezaioke pertsonei, eta, era berean, pertsona bakoitzak arrazoi ezberdinak izan ditzake aldaketa berbera egiteko. Ezin orokortu. Baina esango dut; egunen batean zerbait egingo dugula aitortzen diogunean gure buruari, "egun batean" hori gaur bertan izan daiteke.
Halaber, aldaketak une konkretu batean gauzatzen hasten zirela uste nuen, baina horri kontra egiten ere ikasi dut. Bidea egitea lortzen ari naizen honetan, eta orain artean egindako saiakerak antzuak izan zirela uste arren, hutsalak ez direla izan ondo dakit, ondo dakidanez.
Hori izan da beste lezio handi bat: gauzek ez dute zertan hasiera eta bukaera zehatz bat eduki beharrik. Horretara ohituta gaude, eta ez da erraza, baina askotan geronek jartzen diegu denbora marka hori bizi gertakariei. Emaitzak une jakin batean has gaitezke ikusten, baina bide berri horien lehen urratsak noiz eman ziren zehaztea ia ezinezkoa da.
Aldiro ereindako haziak loratu egiten dira noizbait, eta guk uzta hori jasotzen asmatu behar dugu.