Bizi naizen lekuan euria hasi zuen orain hiru aste, eta oraindik ez du atertu. Ez du euri jasa bortitzik egin, metroa ez da erreka bihurtu, eta errepideetan ez da ia putzurik egin; alegia, ez gara, behingoagatik, albistegietan beste toki batzuk baino gehiago atera. Baina berdin dio; kontua da hogei egunetik gora daramatzagula euripean, eta hemen jende askok ez dakiela horrela bizitzen.
Madrilen daramatzadan ia hamar urteetan esango nuke ez zaigula hain era nabarmenean horrelakorik gertatu; hori pentsarazten dit, behintzat, jendearen jarrerak. Nazkatuta dago, nekatuta, ahituta... ezin duelako egunerokotasuna berreskuratu. Eta kontua da, hemen, egunerokotasun horrek ez duela euria bere baitan hartzen. Ez gaude honetara egokitzeko prestatuta, ez kulturalki, behintzat. Egin dezake zaparrada galanten bat, hiria erabat nahasi, baina ordu gutxiren buruan dena bere lekura itzuli ohi da. Oraingoan, ez; denak bere horretan dirau, noiz atertuko zain. Eta bitartean hemen gabiltza, bizitzari nola heldu asmatu ezinik.
- Kaixo, zer moduz?
- Gaizki, euri zikin hau... Atertuko ote du!
- Aterako al gara zerbait hartzera?
-Atera ez, sartu. Zatozte etxera eta egingo dugu zerbait hemen!
Konformatu beharko! Beste erantzun bat emateko gogoa ematen dit, kalera berdin atera baikaitezke, baina hala beharko du, bada. Nire erreakzioak harritu egiten ditu ingurukoak, euria gauza normaltzat daukadalako. Izango ez da ba? Euskaldunoi, eta batez ere kostaldekooi, euri pixka batek nekez etengo digu bizitza soziala.
Noski, nik ere nahiago dut, toldopean baino, terrazan zeru urdinaren azpian egon, baina gurean sugandila bihurtzeko arriskutik urruti gaude (oraindik). Euripean bizitzera, ordea, oso ohituta. Hemen jendeari gehiago eragiten dio euri-xehe jarraikorrak, hiria hankaz gora jartzen duen euriteak baino. Oso ezohikoa izan da egunero kaleak bustita edukitzea, baina zer pentsatua ematen dit.
Duela hilabete batzuk lagun bat algaraka hasi zitzaidan kotxean lau aterki neuzkala ikusi zuenean; esajerazioa, omen. Pentsatzen hasita nago ulertuko zuela zergatia. Orain berak ere hala edukiko ditu, beharbada.