Oraingoan berariaz sortutako aldizkaritxo honekin egin du. Ez zaigu gustatzen eginbeharrekoak direnetatik, hau da, herriko kudeatzaile nagusia den alkate baten behebeharra den horretatik, salbatzaile papera hartzea. Ez da itxurosoa beste inork jarri aurretik bakoitzak bere etxean dominak diseinatu, egin eta norbere lepotik zintzilikatzea. Are gutxiago, domina horien atzean egia osoa izkutatzen denean. Esaten dena bezain garrantzitsua izaten da isiltzen dena, eta ikuspuntu globalago bat emate aldera dator gure idatzia. Ikus dezagun.
Lehenengo domina: hirigintzari saria. Aipatzen du "gure jardueraren ardatz nagusietako bat etxebizitza eta hirigintzari lotutako gaiak izan dira". Herritarrek adierazitako beharrak hartu omen dira kontuan, eta gazteak izan gogoan. Erretore etxea erosi zen –erosi, oraindik han egin behar diren etxebizitzak zein terminotan eraikiko diren inon eztabaidatu gabe–. Hirigintzatik aspalditik eskatu genuen azterketa serio bat egin behar dela lehendabizi, etxebizitza hutsei irtenbide bat eman balizko erostun/maizter eta jabeekin hitz eginez, eta horretarako plangintza orokor serio bat egin beharra dago. Horren hutsunea nabarmentzekoa da, gainontzekoa momentuko partxeak jartzea baino ez da. Zuloak daudenean partxeak ere ez datoz gaizki –horregatik guk ere onartu ditugu martxan jarri diren proiektuak–, baina konponbideak integrala izan behar du.
Bigarren domina: espaloi-farolagintzari saria. "Auzoetan lanean jarraitzen dugu". Egindakoak aipatzen ditu, baina egin gabekoak izkutatu. Urdanetako berregituraketan sortu den saltsaren inguruko isiltasuna deigarria da, batetik. Ez du merezi horretan gehiegi luzatzeak, baina kontuak beste modu batera bideratu zitezkeela galdetu besterik ez dago auzotarrei. Bestetik, legealdi hasieratik esan eta esan ari gara Santio Erreka auzoan Oriorantz joateako farolak aldatzeko, puntu ilun asko daudela, edozein protokolo feministak –hori ere falta dena udalean, bestalde– begiz jota edukiko lituzketenak. Bi urte pasa ondoren oraindik lehengoan daude puntu ilun horiek. Adibide batzuk jartzearren.
Hirugarren domina: kooperazioari saria. "Elkarlana da gure herria ulertzeko modua. Hasieratik garbi eduki dugu beste alderdiak ere Gobernu Batzordean egon behar zutela". Gutxieneko demokratiko batetik domina orain ere. Badirudi ahaztuta daukala "beste alderdiak" dion sektore horrek EAJk baino herritar gehiago errepresentatzen dituela bozetan, nahiz eta EAJk, Hont legearen aplikazioa dela-eta, zinegotzi gehiago lortu zituen. Ez gara gu bi urteotan egunero hori gogorarazten ibili, baina horrelakoak aipatzen dituenari belarritik tira egitea dagokigu. Gehitu beharra daukagu bi aldiz jaso dutela aurrekontuek gure aldeko boza, baina bietan azpimarratu dugu baiezko kritikoa izan dela: jarrerak bai eskertu direla, baina eginbideetan gainean gaude eta egongo gara.
Laugarren domina: udalgintza berriari saria. "Nabarmendu nahi dut hiru mahai sektorial sortu ditugula". Tira, sortu ditugula esatea hiperbole handi samarra ere bada. Martxan jarri dituzte, hala onartu zelako aurrekontuetan. Baina egiari zor, mahai sektorialen proposamena EH Bildutik egin genuen 2025eko aurrekontuetarako, eta lehenengo proposamenean ez zuten jaso ere egin. Aurrekontuak onartu behar ziren pleno aurretik, egunean bertan eta ordu batzuk lehenago negoziatu genuen hori, eta korrika eta presaka sartu zuten EH Bilduren aldeko botoa lortzeko premiaz. Itxurak asko balio baitu.
Bestalde, mahaiak martxan jarri ditugu eta aurrerapauso handia izan dela ezin da ukatu, baina orain ikusi beharra dago mahai horietan hartzen diren erabakiek nolako jarraipena izaten duten, eta herritarren partehartzea ere nola ahalbidetzen den mahai horietan beraien iritzia emateko espazioak izan ditzaten, horretarako ere beldur handi samarra sumatzen baitugu.
Bosgarren domina: kulturgintzari saria. "Konturatu ginen, bataz beste, hiru egunetik behin zerbait egiten dela" aipatzen du. Ez du arrazoi faltarik ekitaldiz jositako herri bat dugula esatean, eta horretan herritaren eta eragileen partehartzea funtsezkoa dela esatean, alde horretatik ere jaso ezazue gure aitorpena. Baina ezin kritiko izateari utzi udalak zuzenean kudeatzen dituen ekitaldien dagokienez: probalekuko kontzertu handiak, zeinek eta zeinentzat antolatuak dira? Ikusten dugu kultur ekitaldi izenez turismoari lotuago dagoen dinamika orokor batean kokatzen direla: herritik kanpoko jendea erakartzeko eta ordainpekoak. Ez dago apenas ekitaldirik, udaletik antolatuta, sortzaile txikiei lekurik eskaintzen dienik eta antolatzen direnetan ez da biderik irekitzen bitarteko ekonomikorik ez duten herriko familiak bertaratu daitezen (lau laguneko familia batek aurten antolatu diren bost ekitaldiez gozatzeko ia 250 euro ordaindu beharko zituzkeen). Horri ere buelta bat eman beharko zaio. Zein da udaletik, Aia Turismoa markaren bitartez, bideratzen ari den kultur eredua?
Alkatearen sarrerako elkarrizketa horretara mugatu gara idatzi honetan, eskuorriaren zati handiena den "Bi urte hauetan zer egin dugu" izeneko atalean sartu gabe, oso-oso luze joko ligukeelako. Iruditzen zaigu gauzak azaltzeko duten moduari buruz lagin bat emateko balio duela orain arte aipatutakoak.
Bukatzeko, esan nahi genuke egindakoez harro egotea oso humanoa den bezala –hortik etxez etxe eskuorri bat banatzerainon koxka handi xamarra dagoen arren–, eskertuko genukeela akatsak eta eztabaidak izan direnean ere –legealdi honetan luzatu den Azkue-Errota bidearena, edo autobus zerbitzuaren gorabeherak, azkena– azalpenak publikoki eta hedabideetan ematen dituen alkate bat izatea herrian. Oro ez da urre, eta oraingo honetan ere alfonbra azpian gorde diren hautsak bistan geratu dira.
Besterik gabe, udaletik egin denaren beste aldea ere erakusteko gure borondaterik zintzoena erakutsiz, jaso ezazue gure agurrik beroena eta ospa ezazue maite duzuen jendearekin urte bukaera hau. Osasuna eta askatasuna denontzat!