Aiako Udala eta bere prozedura penagarriak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Aia 2016ko abu. 24a, 09:57

Urte bat baino gehiago bada EH Bilduren zinegotzi berriak Aiako Udalean sartu ginela eta idatzi honen bitartez orduz geroztik ikusitakoaren balorazio bat egin nahiko genuke, kasu konkretu batzuen aipamena eginez.

Legealdi honetan ikusten ari garena orain artekoaren jarraipena da, uste genuena baino larriagoa akaso, EAJ-PNVk Aiako Udala bere ‘kortijo’ moduan erabiltzen jarraitzen baitu herritarrei, oposizioari eta irizpide legalei begiratu ere egin gabe. EAJ prest dago bere edozein proposamen aurrera eramateko, prozedura legalen gainetik pasa behar badu ere.

                Aipatzekoa da azkenaldian Kooperatibaren plazako eraikinaren inguruan egindako operazioari buruz jaso dugun informazioa eta idatzi hau egitera bultzatu gaituena. Gure harridurarako, ez zaio eraikin horri inolako tasaziorik egin eta Udalak eskola eraikitzen ari den enpresari eman nahi dio ordainketa modura, subastarik edo konkurtsorik gabe. Benetan larria iruditzen zaigu gai honetan gertatzear dagoena, tasaziorik gabe ez baitakigu herritar guztion ondasuna kaltetzen ari den ala ez. Operazio hauetarako, legeak eraikina tasatzea eskatzen du baina legea alde batera utzita ere EH Bilduren ustez Udalak printzipio etikoengatik bete beharreko baldintza  minimoa litzateke Kooperatibarekin trukea egin aurretik. Orain eraikina Udalaren esku dago eta Murias enpresari eman nahi zaio ordainketa modura inolako subastarik gabe, 226.000€-ko balioarekin. Zergatik ez da tasaziorik egin? Zertan oinarritu da Udala etxe horren prezioa 226.000€ tan jartzeko? Ez al zen posible subasta publiko baten bidez saldu etxe hori eta lortutako diruarekin Muriasen fakturak ordaintzea? Eskolaren proiektuarekin hasi aurretik plazan Udalak lokal bat izango zuela iragarri zuten. Zer gertatu da lokal horrekin? Idatzi honen bidez Aiako alkateari eskatzen diogu hartu beharreko neurriak hartu ditzala prozedura legalak betetzeko.

                Eta jarrera hau da EAJ edozein gaietan izaten ari dena. Amezti etxearen obra baimenarekin gertatutakoak ere esanguratsuak izan dira azken urte honetan. Gure partetik inolako balorazio juridikorik egiteko asmorik gabe (kasua epaitegiak ari baitira ikertzen), EH Bilduko kideok esan nahi dugu lotsagarria izan dela alkateak eta EAJ-k gurekiko eduki duten jarrera, hasieratik informazioa ezkutatuz, gezurrak erabiliz eta inolako balio legalik gabeko txostenak emanaz gu engainatzeko asmoz. Are okerrago, kontutan hartuz epaiketa batek kalte ekonomiko larria ekarri lezakeela herritar guztiontzat.

                Honen bitartez eskatu nahi diogu alkateari hasteko behar bezala gauzak zuzen eramaten eta oposizioa kontutan hartzen, denak ez baitu balio bakoitzaren asmoak aurrera eramateko herriari bizkarra emanaz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide