Antibikini operazioa, gelditzeko ezarri behar dugun moda

Erabiltzailearen aurpegia Eder Etxeberria 2026ko abuztuaren 6a

Emakume bat apurtutako ispilu bati begira. (Pixabay)

Eder Etxeberria kirol medikuak uztaileko Aia-Orio Guka aldizkariko Akuilua hartuta atalean idatzitako artikulua da honakoa. 

Uda hurbiltzen denean, ohikoa da bikini operazioa delakoari buruzko mezuak entzutea. Sare sozialetan, aldizkarietan eta publizitatean maiz agertzen dira pisua azkar galtzeko dietak, entrenamendu zorrotzak edo gorputza denbora gutxian aldatzeko promesak. Hala ere, gero eta argiago dago ikuspegi horrek ez duela osasuna sustatzen, eta askotan, kontrako eragina izan dezakeela.

Dieta murriztaileek eta emaitza azkarrak bilatzen dituzten planek arriskuak dituzte. Elikagai talde osoak baztertzeak, kaloria kopurua gehiegi murrizteak edo gosea pasatzeak neke fisikoa, antsietatea eta frustrazioa eragin ditzake. Gainera, askotan pisu galera hori ez da iraunkorra izaten, eta galdutakoa berreskuratzen da denborarekin. Horrek erruduntasun sentimendua eta gorputzarekiko harreman negatiboa sor ditzake.

Bikini operazioa oso erraza da: bikini bat, gorputz bat eta
udaz gozatzeko jarrera ona izatea

Osasuna, ordea, ez da baskulan agertzen den zenbaki bat. Osasuntsu egoteak esan nahi du elikadura orekatua izatea, gustura sentitzeko jarduera fisikoa egitea, behar adina atseden hartzea eta ongizate emozionala zaintzea. Gorputz osasuntsuak era askotakoak izan daitezke: altuak edo baxuak, argalak edo sendoagoak. Ez dago gorputz perfektu bakar bat, ezta udarako eredu unibertsalik ere.

Gaitz gogorra dugu, ordea: besteon itxura fisikoa komentatzekoa, jakin ez dakigun arren itxura horren atzean zer egon daitekeen. Denon artean egin behar dugu esfortzua zentzu horretan, datozen belaunaldiek ez dezaten itxura fisikoetan gainkarga izan, udan batez ere, eta inongo konplexu edo beldurrik gabe goza dezaten udaz, bikinia edo dena delakoa jantzi nahi dutela!

Agian, bikini operazioa-ren esanahia berrasmatzeko garaia da. Benetako bikini operazioa ez da gorputza aldatzea, baizik eta gure gorputza zaintzea eta errespetatzea. Horretarako ez da dieta miragarririk behar. Nahikoa da osasuna lehenestea, geure buruarekin adeitsuak izatea eta gure gorputzak egiten duen guztia baloratzea.

Azken finean, bikini operazioa oso erraza da: bikini bat, gorputz bat ea udaz gozatzeko jarrera ona izatea. Gainerako guztia marketinak sortutako presioa da. Uda ez da gure gorputza epaitzeko garaia; bizipenak sortzeko, atseden hartzeko eta gozatzeko garaia da. Horregatik, aurten, aukeratu dezagun ongizatea estereotipoen gainetik, eta gogora dezagun gorputz guztiak direla udako gorputzak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide