Munduaren beste punta

Erabiltzailearen aurpegia Andrea Zipitria 2024ko uzt. 10a, 10:04

Harrison Ford 'Indiana Jones' filmean.

Ekaineko Aia-Orio Guka aldizkariko Korapiloa ataleko iritzi artikulua da honakoa.

Txakurrak gustuko ditut. Ondo ezagutzen nauenak badaki hori. Beharbada betitik txakurren bat ezagutu dudalako etxean. Amaren sabeletik atera nintzenerako bazen bat gurean. Indi zuen izena hark. Indiana Jones filmari zor zion izena. Nonbait, haren kapitulu bat ikusten ari zirela erabaki zuten gurasoek animalia ekarri berriaren izena. Haren atzetik etorri dira bigarrena eta hirugarrena, eta guztiei etxeko atetik sartu orduko deitu diegu berdin, bi aldiz pentsatu gabe: Indi.

Hazi eta hezi, biak egin ditut Indi-z inguratuta. Hazten eta hezten, bietan ikusi naute beraiek, eta nik beraiek. Eskutik egin dugu bidaia, ihes egin arte. Agurra beti izaten da gogorra, edozein eremutan. Orain gutxi agurtu dugu urte pare batez adiskide izan dugun Cooper. Beti jolasteko prest, saltoka eta korrika, hala ibiltzen zen Cooper. Gaiztakeriaren bat edo beste egitea ere gustatzen zitzaion, egun-pasaren bat... Baina, tira, beti izan da lagun leiala. Agur esatea tokatu da, ordea. Uste baino lehen, bat-batean utzi gaitu Cooper-ek. Inork ez du prestatzen bat agur esateko, oraindik eta gutxiago ustekabeko zerbait denean. Horregatik, hitz hauen bitartez, gutxi badira ere, eta nahikoak ez, agurtu nahi dut.

Pixka bat jolastu eta segituan hurbiltzen ziren amarengana
bi kumeak, titi eske

Despediden gaia mahai gainean jarrita, bi gaiok lotzen dituen beste eszena bat etorri zait burura. Orain dela ez asko, egun eguzkitsu batean, lagunekin arratsalde pasa izan naiz Orioko hondartzan. Han azaldu ziren hiru txakur, bi kume –nahiko koxkortuak– eta ama pasieran. Herritar dezenteren arreta piztu zuten. Izan ere, ez da ohikoena kalean estanpa hori ikustea. Pixka bat jolastu eta segituan hurbiltzen ziren bi kumeak amarengana, titi eske. Orduak pasa nitzakeen haiei begira, baina orduan etorri zitzaidan burura pentsamendu gazi-gozoa. Zenbat denboraz gehiago egongo dira elkarrekin? Jakingo al dute etorkizunean elkarren berri? Familia suntsitu egingo al da? Eta, halako beste zenbait galdera... Zeinen zaila izan behar duen, ama zarenean, seme-alabengandik banatzeak, eta gehiago, gainera, ezjakintasunetik eta bat-batean. Hori da, hain zuzen, munduaren beste puntan gertatzen ari denaren sinonimo. Israelek Palestinari, azken aldi honetan Rafah-ri, egindako erasoaldiez ari naiz.

Berriz ere, suntsipena eta adio lazgarriak burura. Nire elkartasun guztia Palestinako herriari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide