Trantsizioa

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 4a, 18:00

Pertsona bat, nekatuta. (Pixabay)

Iraileko Aia-Orio Guka aldizkariko Korapiloa ataleko iritzia da honakoa.

Uda amaierak badu Tim Burtonen filmetako kutsu gotikoa. Konturatzerako jertsea duzu soinean eta oinetakoak txankleten ordez. Turista gutxiagoa dabil, erromes despistaturen bat salbu, eta dagoeneko hasi zara seme-alabentzat koaderno, motxila eta bost koloretako boligrafo berria erosten. Hau dun/k, hau despresioa! Tira, depresioa ez, hori ur handitan sartzea delako, baina irailak badakar berekin norbere egoera animikoa guztiz estaltzen duen montzoia. Ikasturte hasierako abiapuntuan jartzen gaitu guztiok, eta badakigu atzean utzi berri ditugun abuztuko opor marabillosoetara iristeko gutxienez 30-31 eguni ixa potolo bat marraztu beharko diogula ondorengo 11 hilabeteetan.

Errutinaren aterkitik ihes egiteko egutegi ongi antolatua prestatuko dugu; urteak daramatzagu atontzen, xehetzen eta zorrozten, guztiak funtzionamendu kate zehatz bateko tailer batek bezala funtziona dezan. Goizeko zortzietan alaba txikia gurasoenean utzi, seme nagusiari gosaria mahaian laga, bederatzietako bilerarako eguneko plangintza prestatu, hamaiketan hamar minutuko kafea, hamabiak eta laurdenean lehen solairuko langileen lana gainbegiratu, ordubata eta erdietan negozio-bruncha Finlandiako eko-enpresarekin, lauretan Paulina neskameari hots egin seme-alaben bila joan eta bata musika eskolan uzteko eta bestea futbol eskolan, arratsaldean body-contact-yoga-spining-trail ikastaroren bat praktikatu, zortzi eta erdietan etxera iritsi erabat nekatuta, eta bederatziak eta laurdenean familia osoa Netflixek irentsi du lau urtaroko pizzak jaten ari direla.

"Zergatik ez zait niri uda tokatu, aita?". "Hara bestea, nik ere lanik egin gabe bizi nahi dut, notejo!". Lasai, aurki dira Gabonak, eta tartean izango da zubirik. Zubiri-zubiri / nongori-nongori, / nongo alkate zerade? / Prantziako erregearen /seme-alabak gerade. Bestela asteburuak aprobetxatu daitezke, Pirinioetara, Landetara, Kantabriara edo hiri handiagoren batera bidaiatuz, demagun Bartzelona, Bordele edo Madril. Asteburu pasa dioenak egun pasa ere proposatu dezake: Txindokira, Irrisarri Landera, Gaztelugatxera, Garberako zinemara... Egun pasa dioenak bazkari edo afari pasarekin ere konformatu daiteke, eta deskuidatuz gero, arratseko poteotxoarekin edo eguerdiko bermuteoarekin ere bale du. Konturatu zarenerako gauza bera egiten amaitzen duzu, autobideko zubitik herriko plazara paseatuz eta betiko ebakia hartuz Kutixin.

Ez dakit zuek, baina ni nekatuta eta barne gatazka existentzial handiarekin itzuli naiz lanera. Enpresako zuzendariak ez du zipitzik ulertu; are gehiago, muturra okertu eta begiak sutan jarri zaizkio. Benetan, horrenbestekoa izan al da beste astebete bat gehiago jai eskatzea oporretatik lanerako trantsizioa egiteko?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide