Oriotarron erritua

Erabiltzailearen aurpegia Aiora LarraƱaga Solaberrieta

Honakoa da Aiora Larrañaga Solaberrietak urriko Aia-Orio Guka aldizkarian idatzitako Korapiloa ataleko iritzi artikulua.

Pasatu da iraila, baina oraindik Kontxako Banderaren biharamuna nabari da herrian, arraun zale askoren artean. Eta ez da gutxiagorako, udan gizonezkoen traineru nagusiak lortutako garaipenek indartu egin dute oriotar izatearen harrotasuna, eta azken hilabeteetan sortutako tentsioak eta itxaropenek lehertu egin zuten festa iraileko bigarren igandean.

Donostiako estropada parentesi bat izan ohi da oriotar askoren egunerokoan. Egun seinalatuetan gertatzen den bezala, borobilduta izaten da egutegietan. Prestaketa eta antolaketa lana ere ekarri ohi ditu sarritan, eta giro horretan, ikasturte hasierak dakartzan zereginak eta estresa alde batera geratzen dira, batez ere bigarren igandean, marea horiak Orio eta Donostia hartzen dituenean. Beste behin, argi geratu da oriotar askorentzat arrauna erlijio moduko zerbait dela…. Bota dudan esaldiak topikoa dirudi, komunikabideetan sarri erabili ohi den esaera horietakoa. Nik, ordea, irailaren 13an, benetan sentitu nuen oriotarrontzat Kontxako Bandera erritua dela.

Gizarteak daraman norabidea ikusita,
oxigeno-baloia ere
izan daiteke hau

Goizean goizetik hasten da: goiz esnatu, lagunekin edo familiakoekin elkartu eta estropada ikustera joatea belaunaldiz belaunaldi transmititu den ohitura da. Batzuk Donostiara joaten dira hango giroaz gozatzera; beste batzuek herrian ikusten dute estropada, jende multzo handietatik ihes eginez; eta badira urduritasunak jota etxean bakarrik jarraitzea eta ondoren kalera ateratzea atsegin dutenak ere. Arratsaldean, berriz, zale guztiak biltzen dira plazan, kolore horia soinean.

Garai zaharretan erlijioa edo sinesmen tradizionala ziren herritarrak biltzeko eta horiengan komunitate izaera indartzeko aitzakia; erlijio ospakizunetan edo erritu tradizionaletan elkartzen zen jendea sinesmen hori azaleratzeko. Hain zuzen, iraileko bigarren igandean, arraunlarien harreran nengoenean, erritu batean parte hartzen ari nintzela sentitu nuen neuk ere.

Kapitala, ekoizpena eta norbere buruarekiko exijentzia ardatz dituen gizarte honetan, sentitzen dut gero eta gutxiago direla herri oso baten izaera kolektiboa biltzea lortzen duten ekimenak; haurrek, gazteek, helduek eta adinekoek bat egiten dutenak. Asko pentsatu dut gaiaz egunotan, eta hasiera batean forofismo edo harrotasun sutsu gisa ulertzen banuen ere, ohartu naiz gizarteak daraman norabidea ikusita, halakoak oxigeno baloia ere izan daitezkeela gero era berekoiagoa eta bakartuagoa den gizartean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide