2007ko udaberrian getxoztar batez zeharo maiteminduta nenbilen. Han bizi nintzen ikasketak zirela eta, baina bihotz hautsiak Getxotik ihes egitera bultzatu ninduen. Azken bultzadatxoa, gurasoenean Hitza egunkarian ikusitako iragarki bat izan zen: kazetaria behar zuten Orio eta Aia lantzeko. Ez dakit zer ezagutzen nuen gutxiago, herri horiek, ala lanbidea.
Egiari zor, egungo bikotekideak ere izan zuen zerikusirik inguruotara bueltatzearekin, orduan ezagutu bainuen donostiar hau –barkatu, antiguotarra–. Baina tira, esan daiteke nagusiki getxoztar bat ahazteko erabaki nuela pausoa ematea –eskerrik asko, Aitor–, eta zer diren gauzak, ia bi hamarkada geroago, herri kazetaritza proiektu beraren barruan dozena erdi itzulinguru emanda, Orioko erredakzioan amaitu dut, Orioko eta Aiako berri emateko euskarri guztietan.
Bihotz hautsiak Getxotik
ihes egitera
bultzatu ninduen
Urte hauetan guztietan lankide izan dut Aiora Larrañaga. Zarautzen, bulego berean ibili ginen hainbat urtez, gero baita bulego desberdinetan ere, bera Orion eta ni Zarautzen –nahiz eta hamarkada bat badaramadan Orion bizitzen–, eta azken hilabeteetan, berriz haren eta Andrea Zipitriaren ondoan lan egiteko zortea izan dut. Etxekoekin baino ordu gehiago egoten gara lankideekin, eta horregatik, are gehiago estimatzen dira lankide jatorrak eta langileak, eta halaxe dira bai Aiora, bai Andrea. Ezin uka hilabete hasieretan jatorragoa izan ohi dela giroa, eta hilabete bukaeretan larriagoa, aldizkariak inprentara garaiz eta txukun bidaltzeko beti borrokan. Desorduetan eta jaiegunetan lanean ikusi ditut lankideak, baita albiste eta egoera gogor eta mingarriei profesionalki aurre egiten ere.
Hemendik aurrera niri tokatuko zait ziurtatzea Orioko eta Aiako kontuak ahalik erakargarrien eta interesgarrien ematen direla eskuetan duzun aldizkari honetan, baita Karkara.eus webgunean eta Urola Kostako Hitza egunkarian ere. Eta aitortuko dizut buruan gauza bakarra dudala: Aiorak pasa didan lekukoa harro eramatea, eta berak bezala, norabide onean. Aiako haize freskoak lagunduta, errazagoa izango da eginkizuna!
Eskerrik asko proiektu honi eta neuri emandako guztiagatik, Aiora. Saiatuko gaitun lan kontuengatik egunero-egunero ere ez molestatzen!