Errausketaren aurkako giza katea igandean, Kontxan

Datorren igandean, 11:00etan, giza katea egingo da Donostiako Kontxan, Alderdi Ederretik abiatuta. Errausketaren Aurkako Mugimenduak urte asko daramatza mobilizazio hau antolatzen, eta aurten Bergarako Larramendiko Arnasak ere bat egin du deialdiarekin, hondakinen arazoa gero eta larriagoa eta zabalagoa delako.

Bada bi urte Donostiako erraustegia martxan jarri zutela, eta geroztik, etenik gabe ari da arazoak sortzen. Hiru aldiz erre da transformadorea, pilatutako zaborretan sute bat izan da, bi aldiz kutsatu dute bertatik pasatzen den Arkaitzerreka erreka, eta gutxienez 86 aldiz itzali eta piztu dituzte labeak horrek suposatzen duen kutsadura gaindosiarekin. Momentu honetan bertan transformadorea hondatuta dute eta elektrizitaterik sortu gabe ari dira zaborrak erretzen. Aldi berean, hilabete baino gehiago da Arkaitzerrekan kutsadura oso larria atzeman zela, eta ez dago arduradunen aldetik inolako konponbiderik.

Arazo horien guztien aurrean, erraustegiaren arduradun teknikoek eta politikoek inoiz ez dute azalpenik ematen. Denak mutu daude: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) eta URA agentzia.

Aipatutako gertakari guztiak kanpotik egindako jarraipenari esker jakin izan dira; erraustegi barrutik ez da informaziorik ateratzen. Beraz, horrelako gertaera gehiago izan direla ondoriozta dezakegu. Behin eta berriz ingurumena eta herritarren osasuna arriskuan jartzen ari dira, eta beren burua ezkutatu besterik ez dute egiten.

Horrez gain, azken urtean jakin da Eusko Jaurlaritzak eta Valogreen enpresak Bergaran hondakin industrialen erraustegi bat eraiki nahi dutela. Zaldibarren gertatutakoaren ondoren, hondakin hauei "irtenbidea" eman behar diete. Hondakinak murriztera eta berreskuratzera derrigortu beharrean, Eusko Jaularitzak "alfonbra gorria" jarri dio Valogreeni Euskadiko zazpi paper fabriken hondakinak erre ditzan.

Eusko Jaurlaritzak, beti bezala, Valogreenen proiektua garapen iraunkorreko helburuekin bat datorrela defendatzen du, eta enpresari hiru milioi euro eman dizkio proiektua aurrera eramateko. Baina errealitatea beste bat da: erraustegi horrek urtean klima larrialdia areagotzen duten 592.000 tona gas isuriko ditu; 90.000 tona ur kutsatuko; eta 8.000 tona hondakin arriskutsu, metal astun eta dioxina sortuko ditu, besteak beste.

Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzaren jarrera antidemokratikoa salatu behar da, Tapia Legea-ren bidez beretzat estrategikoa den edozein proiektu aurrera ateratzeko aukera baitu, herritarren eta udalen iritziak eta arauak gainetik pasata. Horixe da Bergaran gertatzen ari dena: nahiz eta herritarrek eta udalak aurka egin, Eusko Jaurlaritzak jada eman du beharrezkoa den Ingurumen Baimen Bateratua.

Aipatutako arrazoiengatik, datorren igandean, 11:00etan, giza katea egingo da Donostiako Kontxan, Alderdi Ederretik abiatuta.

Errausketa ez da irtenbidea, ez Donostian, ez Bergaran, ez inon.

Hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko plan estrategikoak eskatzen ditugu.

Donostia Bizirik, Larramendiko Arnasa eta Errausketaren aurkako Mugimendua dira ekimenaren antolatzaileak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide