Aia

Maddi Gesalaga eta Mikel Lopetegi 'Urra' nagusi, neguko 'Harri Herri' txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2026ko urtarrilaren 7a

Maddi Gesalaga eta Mikel Lopetegi 'Urra', neguko 'Harri Herri' txapelketako irabazleak. (Ibon Errazu)

Bi harri jasotzaile zarauztarrak nagusitu dira Aian jokatutako 'Harri Herri' txapelketako neguko finalean. Biak "gustura" geratu dira emaitzarekin, eta urtea txapela jantzita hasi dute.

Pasa den igandean jokatu zuten ETBko Harri Herri saioko neguko edizioaren finala, Aiako Probalekuan. Guztira, 38 harri jasotzaile –21 gizonezko eta hamazazpi emakumezko– lehiatu dira neguko edizioan, hiru jardunalditan banatuta, eta hamasei izan dira azken txanpara sailkatu direnak; zortzi gizonezkok eta zortzi emakumezkok, alegia.

Hala, emakumezkoen kategorian Maddi Gesalaga nagusitu da. Zarauztarrak 16 jasoaldi egin ditu 73 kiloko harri baldarrarekin, hiru minutuko txanda bakarrean. Gizonezkoetan, aldiz, 132 kiloko landu gabeko harria hamahiru aldiz bizkarreratu du Mikel Lopetegi Urrak. Bi harri jasotzaile zarauztarrek "gustura" eman diote hasiera urteari, txapelak jantzita. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide