Joan den astetik abian da aurtengo Bilboko Mendi Film zinemaldia, eta igandera arte, hainbat ikus-entzunezko ari dira eskaintzen Bizkaiko hiriburuan. Bihar, esaterako, Orioko Udalak ekoitzitako Errio dokumentala erakutsiko dute beste bi lanekin batera. Sail ofizialean lehiatuko da Ibon Gaztañazpik zuzendutako lana, beste 44 ikus-entzunezkorekin batera. 17:30ean hasiko da emanaldia, eta sarrerak hemen eros daitezke.
"Oria ibaiko itsas ondarea balioan jartzeko helburuarekin" sortu zuen udalak ikus-entzunezkoa, eta honakoa da zinemaldiak filmari buruz egindako sinopsia: Nagore Urdapilletak, Orio Arraunketa Elkarte historikoko arraunlariak, milaka aldiz zeharkatu ditu Oriako estuarioko urak, baina ez du erreparatu han ezkutatzen diren sekretuetan. Jakinmina piztuta, ordea, ibaian gora abiatuko da, historialariek, herritarrek eta kondaira-kontalariek gidatuta, estuarioaren arima ezagutzera. Antzinako hondartzak eta haitzuloak, balea ehiza, itsas diseinua eta ontzigintza, burdinolak, izokin arrandegiak, basozaintza tradizionala… Estuarioaren historia, sekulako altxorra da.