Berlingo Euskal Etxearen zinemaldian erakutsiko dute 'Errio' asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2025eko azaroaren 12a

Nagore Urdapilleta 'Errio' dokumentaleko aurkezlea, ikus-entzunezkoaren une batean.

Kino Moviemento zine aretoan erakutsiko dituzte Errio, Faisanen irla eta Popel ikus-entzunezkoak ostiral honetatik igandera, eta hantxe izango dira hiru filmetako zuzendariak.

Orioko Udalak ekoitzitako eta Ibon Gaztañazpi kazetariak zuzendutako Errio dokumentala Berlinen aurkeztuko dute asteburuan, hango Euskal Etxeak antolatzen duen Berlingo Zinemaldiaren barruan.

Hiru lan eskainiko dituzte ostiraletik igandera: Oier Plaza Gartziaren Popel, ostiralean; Asier Urbietaren Faisanen irla, larunbatean; eta Errio, igandean. Emanaldiak Kino Moviemento zine aretoan egingo dituzte, eta igandean Gaztañazpi bera Berlinen izango da, filma aurkezteko. Beste bi zuzendariak ere hirian izango dira filmak aurkezteko unean.

Igeldon eta Bilbao Mendi Film jaialdietan ere bai

"Oria ibaiko itsas ondarea balioan jartzeko helburuarekin" sortu zuen udalak ikus-entzunezkoa, eta herrian bertan hainbat ikustaldi antolatu ondoren, herriz herri eta nazioarteko jaialdietan aurkeztu da iazko irailaz geroztik –Indiako jaialdi batean saria jaso zuen–.

Hurrengo astean, esaterako, Igeldon erakutsiko dute Errio, hango Herri Kontseiluak eskatuta. Emanaldia larunbatean izango da, hilaren 21ean, 19:30ean, eta Orioko Udalaren ustetz, "aukera polita izango da filma oraindik ikusteko aukerarik izan ez duten herritarrentzat".

Orioguka.eus-ek irailean aurreratu bezala, abenduan Bilbao Mendi Film jaialdian ere proiektatuko dute Errio. Sail Nagusian lehiatuko da, gainera. Proiekzioa abenduaren 11n izango da, ostegunarekin, 17:30ean Euskalduna Jauregian, eta udalak jakinarazi du sarrerak eskuragai daudela jaialdiaren webgunean, 6 euroan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide