Dokumental onenaren saria jaso du 'Errio'-k Indiako Noidako Nazioarteko Zinema Jaialdian

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 3a, 15:20

'Errio' Orion aurkeztu zuten emanaldi amaierako talde argazkia. (Arnaitz Rubio Aprea)

Atzo jakinarazi zituzten saridunak, eta martxoaren 8an egingo dute sari banaketa ekitaldia Hyderabad herrian. Ibon Gaztañazpi zuzendaria "pozik" eta "eskertuta" agertu da.

Orioko itsas ondarea jasotzen duen Errio dokumentala saritu dute Indiako Noidako Nazioarteko 12. Zinema Jaialdian. Dokumentalen sailean mundu osoko beste 66 lanekin lehiatu da Ibon Gaztañazpi kazetariak zuzendutako lana, eta epaimahaiaren saria eskuratu du.

Youtube sare sozialetik jarraitu zuen emanaldia Gaztañazpik atzo, eta Errio izena entzun zuenean "sinestu ezinik" gelditu zela kontatu dio Gukari, "kristoren poza" sentitu zuela eta "hunkituta" daudela dokumentala izaten ari den harrerarekin. "Herrian bertan sekulako harrera izan zuen, eta orain, munduan beste alderditik, Euskal Herria mapan jartzen ere ez dakien jendeak derrepente gure lana baloratu izana, bada zerbait. Badakigu ez dela munduko jaialdi garrantzitsuena eta entzutetsuena, baina ikusita zer lan zeuden, eta zenbat lan zeuden, sekulako poza eman digu. Lantalde osoa zoratzen gelditu gara".

Orioko Udalarena da dokumentala, eta gaur zabaldu duen oharrean azpimarratu du Indiako garaikurra "sorpresa polita" izan dela "hasiberri duen zikloan aurrera egiteko". Gaztañazpik, berriz, azpimarratu du lantaldea "oso eskertuta" dagoela udalari "aukera hau ematearren".

Atzoko ekitaldia saridunen jakinarazpen hutsa izan zen, eta martxoaren 8an egingo dute sari banaketa ekitaldia, Hyderabad herrian. Hala, oraindik ez dituzte saria emateko arrazoiak zerrendatu, baina Gaztañazpik uste du bi arrazoi egon daitezkeela: "Uste dut lan honek mimo eta kariño asko daramatzala, arima jarri dugula. Benetakoa da, eta hori nabaritu egiten da. Baina hori beste lan askok ere badute, horretan ez da desberdina. Nire ustez, baina hau nire uste pertsonala da, batetik zerikusia izan dezake errioak berak, badakigulako Indian ibaiak eta errioak zeinen garrantzitsuak diren eta zer balio mistiko eta espiritual duten. Bestetik, dokumentala Leon Tolstoiren zita batekin hasten da –ezagutu zure herria eta unibertsala izango zara– eta uste dut kontzeptu horrek ere baduela zerikusia; gai hau, hain tokikoa izan arren, unibertsala da era berean, badu lokal-unibertsala lotura hori".

39 laguneko epaimahaia

Udalak prentsa oharrean azaldu du AEBko, Argentinako, Brasilgo, Espainiako, Herbehereetako, Italiako, Japoniako, Txileko, Norvegiako zein Uruguaiko ikus-entzunezko proiektuak aurkeztu direla jaialdira, film laburren, dokumentalen eta film luzeen kategorietan.

Guztira 67 lanek hartu dute parte, eta 39 lagunez osatutako epaimahaia arduratu da saritutako lanen zerrenda osatzeaz; denera bederatzi garaikur banatu dituzte.

Udalak gogorarazi du Errio ikus-entzunezkoaren helburua da Orioko itsas ondarea bildu eta era atsegin batean kontatzea, ondarearen transmisioa herritarren artean eta lurralde osora zabaltzeko.

Hainbat emanaldi datozen hilabeteetan

Horrez gain, udalak jakinarazi du bere helburua dela datozen bi urteetan zinema, dokumental eta itsas ondare jaialdietan aurkeztea Errio: "Dagoeneko udalak nazioarteko hainbat jaialditan izena eman du. Durangoko Azokan hasi zuen ibilbidea ikus-entzunezkoak, euskal kulturaren agertoki handienean, eta Indiako garaikurra sorpresa polita izan da hasiberri duen zikloan aurrera egiteko. Datozen hiletan, gainera, Euskal Herriko herrietan emanaldiak antolatzea da udalaren asmoa", azaldu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide