Orioko itsas ondarea jasotzen du Orioko Udalak ekoitzitako Errio dokumentalak, eta otsailean Indiako Noidako Nazioarteko 12. Zinema Jaialdian saritu egin zuten. Dokumental onenaren saria jaso zuen Ibon Gaztañazpi kazetariak zuzendutako lanak.
Sari banaketa ekitaldia, ordea, atzo, martxoaren 8a, egin zuten Hyderabad herrian –Indiako erdialdean dago–, eta Gaztañazpik han bertan jaso zuen oroigarria. Izan ere, hitzordu horren aitzakian, herrialdea ezagutuz ibili da egun batzuez.
Gaztañazpik hedabide honi azaldu dio jaialdiko antzolatzaileei asko gustatu zaiela lana, eta "asko baloratu" dituztela dokumentalaren irudia eta musika.
Horrez gain, kazetariak esan du "hizkuntzari buruz galdera asko" egin dizkiotela, baita dokumentaldean ageri den herritarretako bat, Kaxilda, "barruraino iritsi" zaiela ere.
Datozen hilabeteetan, dokumentala zinema, dokumental eta itsas ondare jaialdi gehiagotan aurkeztu nahi du Orioko Udalak, baita Euskal Herriko herrietan emanaldiak antolatu ere.