Donostia Ospitaleko haurren gunean bisita ezin bereziagoa jaso zuten atzokoan: benetako Jack Sparrow pirata agertu zen ospitalean dauden haurrak ikustera. Piratas del Caribe film ospetsuko Johnny Depp aktore estatubatuarra Donostian da egunotan Zinemaldiaren harira, eta egonaldia aprobetxatu zuen ospitaleko haurrei irribarrea ateratzeko.
Geletako batean, aiar batekin topo egin zuen Depp-ek: Andrea Zipitria kazetari aiarrarekin. Hugo ilobarekin zegoen hori, eta ezustean hartu zuen aktorearen bisitak: " Ezusteko polita izan zen, eta irribarreren bat atera zigun. Hugok harrituta begiratzen zion, baina negarrik ere ez zuen egin. Oso jator eta gertuko egon zen Johnny. Gainea, bisitaren momentua pasatu ondoren, handik gutxira erizain bat etorri eta Hugorentzat opari bat utzi zuela esan ziguten. Panpin bat utzi zion opari. Hugok eta guk betirako gogoratuko dugu momentua", adierazi dio Gukari Zipitriak.