Euskara eta kulturartekotasuna

Euskara ardatz, komunitateak batzen

Nerea Uranga 2024ko mai. 10a, 09:00

Herriko eta hezkuntza komunitateko komunikaziorako hizkuntza euskara izaten segitzeko nahiz euskaraz ez dakitenen ulermena errazteko eta haien parte hartzea sustatzeko, Euskara eta Kulturartekotasuna Udalerri Euskaldunetan egitasmoa abian dute Aizarnazabalen, Zestoan, Orion eta Azpeitian, UEMArekin eta Huhezirekin elkarlanean. Datorren ikasturtean Zumaia ere batuko da egitasmora.

Euskara eta Kulturartekotasuna Udalerri Euskaldunetan egitasmoa hedatzen ari da Urola Kosta eskualdeko herrietara ere. Hezkuntza komunitateetako nahiz herri mailako errealitateak aldatzen joan dira azken urteetan, hainbat lurraldetatik etorritako eta erdal hiztunak diren komunitateak gehitu direlako; hala nola behar eta kezka berriak sortu dira. Udalerri euskaldunak euskaldun izaten jarrai dezaten, euskara erdigunean jarrita, komunitateen arteko komunikazioa errazteko eta elkarrekintza sustatzeko osatu dute proiektua.

Hiru ikasturte dira UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) egitasmoa abiarazi zuela Zaldibian (Gipuzkoa), bertako udalarekin, eskolarekin eta hainbat eragilerekin batera, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatearekin (Huhezi) elkarlanean. Urtebete geroago, 2022-2023 ikasturtean, Aizarnazabalen eta beste hiru udalerritan landu zuen UEMAk egitasmoa eskolekin; eta Zestoan ere bide bera jarraitu dute eskolan eta Euskara Foroaren bidez, UEMArekin eta Huhezirekin. Bukatzear den ikasturtearen hasieran, Euskal Herriko beste udalerri batzuekin batera, Azpeitian eta Orion abiatu zuten proiektua. Datorrenean, berriz, Zumaia batuko zaie.

Goizane Arana eta Mikel Orbañanos UEMAren Urola Kosta eskualdeko teknikariek azaldu dituzte proiektuaren nondik norakoak eta orain arte egindako bidea. Euskara eta Kulturartekotasuna Udalerri Euskaldunetan proiektuaren helburua herriko komunikazio hizkuntza euskara izaten jarraitzea da, baina, era berean, baita euskara ez dakiten herrikideen ulermena erraztea eta haien parte hartzea sustatzea ere. Horretarako, erremintak bultzatzen eta bideak jartzen ari dira hezkuntza komunitatean, ikastetxeen bidez. Egitasmoaren helburuak hiru direla azaldu du Aranak: "Eskola komunitatean euskaraz funtzionatzen jarraitzea da bat; beraz, euskara da ardatza. Bestea, guraso guztien 
parte hartzea bermatzea da, denak batera egonda. Eta hirugarrena, euskara ulertzen ez dutenei komunikazioa bermatu nahi zaie, beti ere euskara erdigunean jarrita. Horretarako, hainbat bitarteko jartzen dira. Batik bat gurasoen arteko komunikazioa da bermatu nahi dena; komunitatea bateratzea lortu nahi da". 

Hezkuntza komunitatean antzemandako kezka batean du sorburua proiektuak, eta komunitate horretan ari dira lantzen batik bat Aizarnazabalen, Zestoan eta Orion. Azpeitian, ordea, hezkuntza komunitatean nahiz herriko hezkuntza ez formalean ere proiektua jorratzea erabaki dute. Hala azaldu du Orbañanosek: "Hezkuntza komunitatean sortu zaigun erronka bati aurre egiteko proiektu bat da Euskara eta Kulturartekotasunarena. Azpeitiak eta Markina-Xemeinek [Bizkaia], ordea, beren hezkuntza komunitatetik kanpo ere horrelako proiektu bat lantzea erabaki dute, kalean-eta komunitate desberdinetako herritarrak oso banatuta daudelako hizkuntzagatik edota beste hainbat arrazoirengatik. Azpeitian herri mailan abiatuta duten erronkari aurre egiteko, hezkuntza komunitateko ordezkariez 
gainera herriko aisialdiko nahiz udaleko beste hainbat sailetako zerbitzuetako kideak –Berdintasuna, Gazteria, Euskara...– batu dira egitasmora, sare egonkor bat osatzeko". Horregatik, herrian antolatzen dituzten beste hainbat dinamiketan ere –hitzaldiak, aurkezpenak, tailerrak eta abar–, hezkuntza komunitatean martxan jarri dituzten komunikazio sistemak erabiltzen dituzte; esaterako, aldibereko itzulpena. "Azpeitiko Udalak antolatzen dituen hitzaldietara, hartzaileak gurasoak edota herritarrak izan, euskaraz ulertu ala ez, herritar oro gonbidatuta dago; azken 
finean, informazioa jasotzeko eskubidea duelako. Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuak euskal hiztunak ez direnentzako komunikazioa bermatzea ere badu helburu, eta udalak aldibereko itzulpen zerbitzua eskaintzen du", zehaztu du Orbañanosek. 

Komunikazioa eta erremintak 

Aldibereko itzulpena egitea edota mezuak euskaraz bidali eta hartzaileak bere hizkuntzan jaso ahal izatea ahalbidetzen duen  tresna da Telegram aplikazioa, eta horretaz baliatzen dira proiektuaren parte diren ikastetxeak eta eragileak; hala nola gurasoen arteko edota ikastetxe barruko komunikazioan, bileretan, hitzaldietan eta abar. 

Egun, dauden baliabideak daude, eta horiek hobetzeko lanketak egiten ere ari dira. Hala azaldu du Aranak: "Ederra litzateke aldibereko itzulpena euskaratik bakoitzari bere hizkuntzara egin ahal izatea, baina une honetan eskaintzen diren itzulpenak gaztelaniara dira, eta kasu gutxi batzuetan ingelesera, horretarako baliabideak daudelako. Baina badaude pertsona batzuk ez direnak ondo moldatzen gaztelaniaz, eta zer pasatzen da horiekin? Erronka moduan jarrita daukagu pertsona horien seme-alabak izan behar direla, euskaraz jakinda, beren hizkuntzara itzuliko dutenak; adibidez, euskaratik arabierara. Alegia, aliatu bihurtu ahal ditugula horiek beste hizkuntzetara zuzeneko itzulpenak egin ahal izateko". Hezkuntzaren bitartez etorkinen seme-alabak euskalduntzen direla azaldu du Orbañanosek: "Etxeko hizkuntza jasoko dute, eta euskaraz ikasiko dute, eta aukera bat litzateke haiek beren hizkuntzara itzulpenak egin 
ahal izatea. Adibidez, Azpeitiko lurgunea bada euskara ikasteko plaza on bat".

Idatzizko mezuen itzulpenarena beste kontu bat da, Telegramek euskaraz idatzitako mezuak norberak hautatutako hizkuntzan itzulita jasotzea ahalbidetzen baitu. Hala ere, baditu herrenak, hizkuntza guztietara itzultzeko aukerarik ez duelako, esaterako, hassania hizkuntzara eta wolofera. Kontuan hartu behar da euskaraz idatzitako mezuak euskara batuan eta zuzen idatzita egon behar direla egoki itzultzeko. Euskara ardatz dela komunikazio moduak aldatzea eta besteei komunikazioa bermatzea bai, baina hori baino gehiago da proiektu hau, UEMAkoen esanetan. "Guk honi guztiari marko bat jarri nahi diogu. Hizkuntzaren garrantziaren zergatiaz, euskararen garrantziaz, hitz egin nahi dugu. Azaldu nahi dugu euskaraz funtzionatzen jarraitzea zergatik den garrantzitsua. Horrek ez du esan nahi beste hizkuntzei lekurik egingo ez diegunik, eta horretarako moduak egiten ditugu, gaztelaniaz gainera, beste hizkuntza batzuk ere badaudela jabetuz eta kontuan hartuz. Guretzako garrantzitsua da ulertzea zergatik hartzen diren erabaki hauek eta zergatik den garrantzitsua Azpeitia, Aizarnazabal, Zestoa, Zumaia, Orio eta Urola Kosta bere osotasunean euskaldun izaten jarraitzea eta hizkuntza zaintzea".

Interesa eta parte hartzea 

Alde guztien, euskal hiztunen eta euskal hiztun ez direnen parte hartzea, interesa eta ardura eskatzen duen egitasmoa da Euskara eta Kulturartekotasunarena. Eta martxan jartzeko eta bidean aurrera joateko talde eragile edo motor izango denaren lana ezinbestekoa da, UEMAkoen arabera. "Pixkanaka bidea urratzen joateko, patroiaren ardura hartuko duen lantalde sendo bat behar da", nabarmendu du Orbañanosek.

Alde baten zein bestearen "elkarrekikotasun ariketa bat da", Aranaren arabera. "Gaztelaniak indar handia dauka, eta beste hizkuntzak zer leku daukate? Gure ikastetxera datozenean, haiek etxean zer hizkuntza hitz egiten duten ba al dakigu? Galdetzen al diegu? Besteei ere begiratzen diegunean, besteei ere garrantzia ematen diegunean, beste pertsonak indartu egiten dira, eta haiena ere kontuan hartzen dugula konturatzen dira. Era horretara, haiek ere gurea kontuan hartzeko prest azaldu daitezke". 

Bidea egiten ari dira, eta orain artekoaz balorazio "oso positiboa" egin dute UEMAkoek. "Enpatia ariketa egitea lortu da, eta testigantzetan hainbat balorazio jaso ditugu: askok diote bazela garaia; komunitateak aldenduta egote horretan elkartze bat gertatu dela; gurasoen arteko harremana lortu dela; alde batekoen zein bestekoen haserreen zergatiak ulertu direla...". Dena den, oraindik komunikazio lan handia egin beharra dagoela eta hobetzeko arlo asko daudela uste du Aranak. Esaterako, egindako bideak azalarazi die erronka potoloagoa dutela aurrez aurre: "Egoera formaletan lortu dugu euskarak bere lekua dagokion moduan egitea, bermatzea, baina komunitateak egoera informaletan –kalean, parkean...– elkartzen direnean gaztelaniak hartzen du pisua, eta zer gertatzen da hor? Kezka eragiten digu horrek, eta horri ere heldu nahi diogu". 

"Arnas luzeko proiektua" da Euskara eta Kulturartekotasunarena, sentsibilizazio eta kontzientziazio lan handia eskatzen duena, Orbañanosen arabera. "Beti gogorarazten dugu gorabehera handiak egongo direla, batzuetan aldapan behera joango garela eta beste batzuetan indartsu egingo dugula gora, eta igoal, batzuetan emaitzak ez ditugula espero bezalakoak jasoko, eta besteetan bai. Esperimentazio lan bat ere bada, eta elkarrekin eta geure artean ere ikasten ari gara". Gogoko tokian aldaparik ez da izaten, eta horretan ari dira Euskara eta Kulturartekotasuna Udalerri Euskaldunetan proiektuan parte hartzen ari diren herrietan. Orain, gainera, Zumaia batuko zaie.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide