MEMORIA HISTORIKOA

Gorpuak ateratzeko eskaeren erdiak euskal familienak

Juan Luis Romatet 2022ko mar. 11a, 13:00

Gerra amaitu eta hurrengo urtean hasi ziren Erorien Haraneko lanak egiten Guadarramako (Madril) mendilerroan, Francisco Franco Espainiako diktadoreak hala aginduta. Hemezortzi urte behar izan zituzten lanak amaitzeko, eta hurrengo urteetan Espainiako Gerran hildako hainbat gorpu eraman zituzten hara. Lehenbizi, matxinoen aldekoenak; errepublikazaleenak ere bai, ondoren. 33.000 gorputik gora daude gaur egun Cuelgamuroseko haranean eraikitako monumentu faraoniko horretan.

"Monumentua izugarri handia zen, eta familiei eskatu zieten beren familiartekoen gorpuak Madrilera bidaltzeko", jakinarazi du Aintzane Ezenarrok. "Gobernadore zibilek eta orduko alkateek kontsultak egin zituzten matxinoen alde borrokatu zutenak non zeuden lurperatuta jakiteko, eta ondoren, familiei baimena eskatu zieten gorpuzkiak Haranera eramateko. Familia askok, nahiz eta gerran frankisten alde borrokatu, ez zuten beren senitartekoak hara eramaterik nahi. Dena den, gorpuak baimenik gabe eramaten hasi ziren agintariak. Gerora, katolikoak ziren errepublikazaleen gorpuak eraman zituzten hara, eta azkenerako, edozein eramaten hasi ziren. Oso patetikoa izan zen guztia", dio Ezenarrok.

Eusko Legebiltzarrak 2018an egindako proposamen baten ondorioz, Gogora institutuak ikerketa bat abiarazi zuen Erorien Haranean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbat lagun hilobiratu zituzten, haien jatorria zein zen eta hilobiratzeko familiaren baimenik izan al zuten jakiteko. Ikerketaren arabera, euskal jatorriko 1.234 lagun daude han hilobiratuta: horietatik daude 920 identifikatuta. Kasu gehienetan, ezin izan dute zehaztu gorpuak lekualdatzerakoan senideen baimenik izan al zuten.

Erorien Haranetik senideen hilotzak ateratzeko eskaerak egin dituzte familia batzuek urteotan. Ezenarroren esanetan, 64 eskaera onartu ditu Espainiako Gobernuak, eta horien erdia inguru –31, zehazki– euskal familienak dira. "Esaten ez den beste datu bat da 31 kasu horietako gehienak matxinoen aldekoak zirela. Batzuk errekrutatu egingo zituzten, eta izango ziren preso egonda frentera eraman zituztenak ere, baina haietako batzuk beren borondatez borrokatu zuten Francoren alde. Ahaztu egiten zaigu iraganaren konplexutasuna nolakoa den".
Desobiratze prozesua hasi zenetik, prozesua geldiarazteko errekurtsoak egon direla azaldu du Ezenarrok. "Batzuen atzerapen estrategia hori da, baina sinesten dut, hala esan digutelako, badagoela Harana irekitzeko borondatea. Ulertzen dut familiak denbora asko ari direla itxoiten eskaera egin zutenetik, baina ez dago gure esku”, adierazi du Gogorako zuzendariak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide