Iritzia

Kaosaren urteurrena

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 19a, 10:00

(Alex Berasategi)

Honako hau Amaia Urbieta kazetariak Guka gehigarriaren martxoko zenbakiko Parean eta pareko elkarrizketaren harira idatzitako iritzi artikulua da.

Alarma soziala bizi-bizi zihoan in crescendo egun eta ordu gutxian. "Eskolak itxiko dituzte", esan zuen norbaitek erredakzioan. Harri eta zur, inor ez zen gertatzen ari zena zenbaterainokoa zen neurtzeko gai. "Zer izango da hurrengoa, ezingo dugula elkar ukitu?" entzun nion lankideren bati, kexu. 

Duela urtebete inor gutxik halakorik esango zukeen arren, oraindik ere gertatzen ari denari neurria hartu ezinik gabiltza gehienok. Gertatzen ari denari, eta, kasu askotan, egiten dugunari. Horrexekin baitauka zerikusi zuzen-zuzena gaitzak berak: gure eguneroko jokabidearekin. Kontua sinplea da: zenbat eta jende gutxiagorekin elkartu denok, errazago kontrolatuko da izurritea.

Harremanak guztiz saihestea ezinezkoa da gure jendartean, ordea, eta legeak egiten dituztenek hasieratik erabaki zuten norekin egon gintezkeen eta norekin ez. Lanera joan gaitezke, edo, hobeto esanda, joan behar dugu, eta badirudi ez duela askorik axola horretan zenbat jenderekin izango dugun kontaktu zuzena. Kate produktibotik (ekintza sozioekonomiko omen da modako hitza) kanpo dagoen edozein ekintza, ordea, galarazita dago. Eta galarazita ez badago, behin eta berriz errepikatuko dizute hobe zenukeela ez egitea, arduragabea izaten ari zarela. Laster jango zaitu barrutik erruduntasun kristau madarikatuak, eta hurrengoan ez zara joango lagunekin edo familiarekin afaltzera. Dena den, ez da hori gehien kezkatzen nauena. Ez naiz ari inoren kale zurruterako eskubidea defendatzen, baina badirudi jendea ez duela kezkatzen antolatzeko eta biltzeko aukera ebasteak, edo, behintzat, horrenbeste mugatu izanak. Adierazkorra da hori.

Izan ere, gordina da oso egoera hor kanpoan, eta oso zaila da norberaren ekintzak neurtzea. Ospitaleetako langileek jo eta fuego jarraitzen dute lanean burua altxatzeko tarterik gabe, jende asko ari da sufritzen gaitzak jota, eta, bitartean, herritarren ekonomia dilin-dalan dabil, prekaritatea areagotzeko eszenatoki perfektuan ezegonkor. Errealitate horien isletako bi dira jarraian irakurgai dagoen elkarrizketako protagonistak: Felix Zubia medikua eta Amancay Gaztañaga kulturgilea. Gaitzaren alderdirik gordinena gertutik ezagutu du Zubiak, eta Gaztañagak etenda ikusi du guztiz bere jarduna. Beren bizipenetatik egin dute biek egoeraren irakurketa, eta biek beharrezkotzat dute daukagun zaintzaren irudia eta harekiko harremana iraultzea. 

Gaztañagak iradoki bezala, ordea, boterea eta lehia oinarri dituen sisteman ez du tarterik zaintzak, eta agerikoa da hori jarraitu beharreko neurriei begiratuta. Analisi zabalagoak orri askotarako emango luke; izan ere, egiari zor, konplexua da egoera. Uste dut autokritikotik gutxi dugula eta beti pentsatzen dugula norberak hartzen dituen arriskuak ez direla horrenbesterako. Beste alde batetik, aldiz, irakiten jartzen zait odola teorian gu babesteko diren neurriok askotan herritarrok babesgabe uzten gaituztela pentsatzen dudan aldiro, tranpetan ibiltzera behartuta, isunen beldurrarekin eta erruduntasunaren kontzientziarekin borrokan. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide