EUTANASIA

Eneko Etxeberria: "Lege hau albiste ona da, baina ikusi egin beharko da nola aplikatzen den"

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 24a, 10:30

Eneko Etxeberria. (Arnaitz Rubio Aprea)

Espainiako estatuan eutanasia arautzeko onartu den legea eta bere erronkak aztertzeko ikastaroa egin zuen joan den uztailean Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Udako Ikastaroen barruan. Katedra horretako kide da Eneko Etxeberria (Azpeitia, 1971) Zuzenbide irakaslea, eta bera izan zen jardunaldiaren zuzendaria. Etxeberriarentzat, "legea albiste ona da, baina ikusi egin beharko da nola aplikatzen den".

Jorratzen eta arautzen duen gaia kontuan hartuta, "kulturalki oso lege esanguratsua eta garrantzitsua" dela uste du Unesco Katedraren kideak, "eztabaida bizi baten barruan kokatzen delako". Eztabaida horren erakusle gisa aipatu ditu lege onartu berriari jarritako helegiteak. Kongresuko bozketan, PP, Vox eta UPN alderdietako ordezkariak legearen kontra agertu ziren, eta Voxek lehendabizi eta PPk handik gutxira, legearen kontrako helegite bana aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta bi helegiteak aztertzea onartu du auzitegiak. "Helegite horiei erantzunez, Auzitegi Konstituzionalak guztiz ontzat eman dezake legea, atal batzuk aldatzera behartu edo legea osorik atzera bota", azaldu du Etxeberriak.

Eutanasiaren Legea lehen urratsetan besterik ez dago, izan ere, nola garatzen den ikusteko dago. Esaterako, legeak jasotzen du eutanasia eskaera bakoitza aztertzeko eta bideratzeko berme eta jarraipen batzordeak eratu behar direla erkidegoz erkidego. Etxeberriaren esanetan, baina, batzorde horien eratzearen eta funtzionamenduaren inguruan "eztabaida handiak sortu" dira: erkidego batzuetan batzordea bera sortzea luzatuko ote duten, batzordekide zein izendatuko dituzten eta horien borondateak nondik joko duen, batzordeak eutanasia eskaerak burokrazian itotzeko tresna bihurtuko diren... "Argi dago politikariek ez dutela horretaz gehiegi hitz egin nahi, baina kontu horiek hor daude, eta batzordeak legea oztopatzeko edo bere aplikazioa moteltzeko ez ote diren erabiliko beldurra dago". Legeak medikuei aitortzen dien kontzientzia eragozle izaera ere "polemika iturri" izan daitekeela dio Etxeberriak.

"Batzordeak legea oztopatzeko ez ote diren erabiliko beldurra dago"

"Legeak dio kontzientzi eragozpen adierazpenak banakakoak izan behar direla, oztopatzen duen bakarra da kontzientzia eragozpen adierazpenak kolektiboak izatea. Baina hor badaude aurrekariak, adibidez, Nafarroan abortuaren legearen aplikazioarekin gertatu izan dena. Beraz, kontzientzia eragozpen hori nola garatzen den ikusteko dago, eta horrek nola eragin dezakeen legea praktikan jartzea".

Lege berriak eutanasia aktiboa arautzen duela azpimarratu du hark. Legeak arautzen ez dituen baina erabil daitezkeen eta delitu ez diren eutanasia modalitateak badaudela "aitortu behar" dela deritzo: "Eutanasia pasiboa guztiz onartuta dago, eta zeharkakoa ere janda dauka, nolabait esateko, gizarteak. Sufrimendua eragoztearen aldeko aurrerakada kultural handia eman da azken urteetan. Badaude kontrako jarrerak ere; Eliza guztiz kontra agertu da, adibidez. Hala ere, ikusiko dugu zer gertatzen den legeak jasotzen duen bigarren suposizio horri lotutako kasuren bat planteatzen denean". Izan ere, Etxeberriak uste du gaixotasun larrien eta sendaezinen kasuan "hiltzeko data bat, epe bat, duten pertsonez ari garela", eta horrelakoetan ulerberagoa dela jendea, oro har. "Beste suposizioa askoz polemikoagoa izan daiteke: sendabiderik ez duen eta ezgai bihurtu zaituen gaixotasun bat duzu, pairamen handia eragiten dizuna, baina horrek ez dizu heriotza epe laburrean eragingo".

Azpeitiarrak ez du uste lege berriak eutanasia eskaera olderik ekarriko duenik. Herbehereak izan ziren eutanasia legeztatu zuten lehen estatua, 2002an. Han, gaur egun, legea martxan jarri eta ia hogei urtera, "urtean 5.000- 6.000 eskaera" izaten dituztela dio Etxeberriak. Erreferentzia hori kontuan hartuta, hemen lehen urtebetean eutanasia eskaera "oso gutxi" izango direla aurreikusten du. "Kontatutakoak eta kasu oso argiak diren bitartean, iruditzen zait polemikak ere ez direla asko izango", gaineratu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide