Oriok irabazi du Zarauzko estropadetako lehen jardunaldia

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 14a, 18:02

Estropada bikaina jokatu dute gaur Orioko arraunlariek. Bihar erabakiko da norentzat izango diren Zarauzko Ikurrina eta Euskotren liga, eta bietarako aukerak dituzte.

Egin behar zuena egin du Oriok. Euskotren liga irabazi ahal izateko aukerak edukitzeko irabazi beharra zeukan gaur bai ala bai, eta hala egin du. Itsaso oso mugituarekin jokatu dute estropada Zarautzen Euskotren ligako lau traineruek, eta laugarren kaletik atera da Orio.

Sendotasun handiz hasi du gaurko estropada Oriok, eta hasi bezain pronto atera dio hainbat segundoko aldea aurkari zuzen duen Arraun Lagunak taldeari. Poparean fin ibili da Arraun Lagunak eta segundo batzuk berreskuratzea lortu du une batean, baina zazpi segundoko aldearekin atera dira ziabogatik oriotarrak, eta itzulerako luze horretan ez dute alde hori behar beste laburtzea lortu donostiarrek. Oriotarrek erakustaldia eskaini dute poparean ere, eta luzearen bigarren erdian alde hori are gehiago handitzea lortu dute. 

Nadeth Agirre patroiak estropada bukatu berritan Etb 1eko kamerei azaldu die Zarauzko Ikurrina irabaztea dutela helburu, ligaren aldeko borroka ez dagoelako beraien eskuetan soilik. Izan ere, bihar estropada irabaziko balute ere, Arraun Lagunak taldeak bigarren egingo balu, ez litzateke nahikoa izango. Euskotren liga Oriorena izateko, beharrezkoa izango da bihar estropada irabaztea eta donostiarrak hirugarren edota laugarren geratzea. 

Momentuz, lanak ezinhobeto egin ditu Oriok. Hauek izan dira gaurko denborak:

  1. Orio-Orialki 11:06,62
  2. Arraun Lagunak 11:16.56
  3. Donostiarra 11:19.86
  4. Hondarribia 11:21.08

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide