Emaitza onak, salmenta onak

Onintza Lete Arrieta 2019ko uzt. 20a, 15:07

Legazpitik etorri da guraso eta haur kuadrilla ederra, eta denek erosi dute elastikoa (Onintza Lete Arrieta/Karkara)

Orioko bi traineru nagusiak denboraldi bikaina ari dira egiten, eta hori igartzen ari da kamiseta, bandera eta bestelako produktuen salmentan. Gaur Orion dira estropadak, eta goizean ez da giro izan OAEren dendan.

Larunbat goiza da, 11:00 aldea, eta Mendibeltz futbol zelai aurrean dagoen dendan sartu-irtena etengabea da. Kolore askotako kamisetak sartzen ikusten dira. Irteteeran, ordea, horia da nagusi. Orio Arraunketa Elkarteko dendan ez da giro gaur goizean.

Batetik, arratsaldean herrian bertan jokatuko dira Euskolabel eta Euskotren ligetako estropadak. Bestetik, bi traineru nagusiak sekulako denboraldia egiten ari dira, eta emaitza onek beti dakartzate berekin zaletuak ere.

Esaterako, denda barruan dabil elastikoak probatu eta probatu guraso eta haur kuadrilla handi bat. Ez dira oriotarrak; Legazpitik etorri dira. "Aitona oriotarra dute", zehaztu du gurasoetako batek, Orio zaleak zergatik diren azaltzeko.

Haur horietako bat konturatu da dendara sartu berri den mutila oriotarren patroia dela, Gorka Aranberri, eta disimulu gutxirekin esan die beste guztiei. Aranberri bezero edo zaletu bat gehiago da dendan.

Laida Dorronsoro arduratzen da salmentez, baina bai atzo eta bai gaur, amari eskatu dio laguntza. Horrek dio asko ari direla saltzen, eta banderak, esaterako, agortuak direla. Hain zuzen, hori esan eta handik bost minutura etorri da herritar bat banderez galdezka. "Hurrengo astean ekarriko dituzue, ezta?". Baietz dio Dorronsororen amak. Dorronsororen iritzia, berriz, beste batean jaso beharko, gaur ez baitauka hizketarako tarterik.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide