Hondakin bilketa sistema berria

Hilaren 24an hasiko dira hondakin sistema berriko txartelak banatzen

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 15a, 14:51

Nika Lertxundi Getariako alkatea, Igor Iturain UKUEko lehendakaria, Irabazi Zarautzeko Ana de Benito, Zarauzko PSE-EEko Patxi Elola eta Oier Korta Zumaiako alkatea, txartelak eskuetan dituztela. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Otsailaren 15etik hasita, txartela beharrezkoa izango da organikoa eta errefusaren edukiontziak irekitzeko. Urtarrilaren 22tik martxoaren 2ra informazio gunea jarriko dute, herritarren zalantzak argitzeko.

Sentsibilizazio eta informazio faseak amaituta, Kostako hondakinen bilketa sistema berria ezarpen fasean sartu da. Hala, urtarrilaren 24tik aurrera Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian etxez etxe banatuko dituzte hondakin organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko txartel magnetikoak. Ordutik hasi eta otsailaren 15era arte trantsizio epea izango da; hau da, errefusaren eta hondakin organikoaren edukiontziak zabalik egongo dira, egokitzapen prozesu horretan txartelik gabe ere erabili ahal izateko. Otsailaren 15etik aurrera, ordea, beharrezkoa izango da txartela erabiltzea hondakin mota horiek dagokien ontzian sartzeko.

Ezarpen fase honetan, urtarrilaren 22tik martxoaren 2ra bitartean informazio puntuak jarriko dituzte kostako bost udalerrietan, herritarren zalantzak argitzeko eta behar beste xehetasun eskaintzeko. Astelehenetik ostiralera egun osoan eta larunbat goizetan egongo dira zerbitzuok zabalik. Era berean, datozen asteetan hondakinen bilketa sistema berriaren inguruko gidak banatuko dituzte etxez etxe. Halaber, kale hezitzaileak ere izango dira udalerri bakoitzean, edukiontzien inguruan eta udal bakoitzak bere bulegoa izango du herritarren kezkak argitzeko.

Zentzu horretan, «lasaitasunerako deia» egin du Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak:  «Hasieran guztiok izango ditugu dudak, baina apurka-apurka joango gara pausoak ematen eta gauzak ahalik eta ondoen egiten», nabarmendu du.

Sortzaile txiki eta handiak

Txartel magnetikoa baliatuz, organikoaren eta errefusaren edukiontziak eguneko 24 orduetan ireki ahalko dira, astelehenetik igandera. Dena den, herritarrek norberari dagokion bizi eremuko edukiontzietan soilik bota ahalko dituzte hondakin organikoa zein errefusa. Paperaren eta kartoiaren, ontzi arinen zein beiraren bilketa sistemek, berriz, orain arte bezala funtzionatzen jarraituko dute.

Beste aldaketa bat ostalaritzan nahiz merkataritzan eta industrialdeetan emango dute. Hain zuzen ere, bi multzotan banatu dituzte ostalariak eta merkatariak: sortzaile handiak eta sortzaile txikiak. Sortzaile txikiek herritarrek bezala egin beharko dute hondakinen sailkapena: txartel magnetikoak erabiliz  botako dute dagokion edukiontzira hondakin organikoa zein errefusa, eta beira, ontzi arinak eta papera  zein kartoia orain arte bezala sailkatuko dituzte.

Sortzaile handiei, berriz, gaikako bilketa sistema eskainiko diete puntuz puntu, organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, papera zein kartoia eta plastikoa biltzeko. Frakzio horiez gain, industrialdeetan plastikozko filma eta poliespana ere jasoko dute, puntuz puntu.


Birziklatze tasa areagotzea

Duela urtebete pasatxo, Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak hondakinen bilketa bateratzea adostu zuten aho batez, UKUE osatzen duten alderdi guztien babesarekin. Horrenbestez, hondakin organikoaren eta errefusaren bilketa sistema aldatzea erabaki zuen, txip bidezkoa ezarriz. Otsailetik aurrera jarriko dute abian bilketa sistema berria.

Baliabideak optimizatu eta zerbitzu hobeagoa eskaintzeaz gain, hondakinen bilketa sistema bateratzearen helburua da hiru urteren buruan %75eko birziklepen tasa izatea. Zentzu horretan, 2018an gaur egungo %40eko birziklapen tasatik %60kora heltzea da asmoa, 2019an %70era eta 2020ean %75ekora.  Denok esfortzua eginez, hiru urtean helduko gara eskualdean %75eko sailkatze tasa izatera, adierazi du UKUEko lehendakariak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide