Azken festa egunetako nekerik ez da antzeman gaur arratsaldean Urdanetan. Pasa den asteburuan hasi zituzten sanmartinak, parranda San Martin egunez bueltatu zen, eta atzera ere festa egiteko gogoz ziren gaur auzotarrak. Jaiek komunitatea sendotzen eta auzoak bizitzen laguntzen dutela esan ohi da, bada, bizi-bizirik da Urdaneta.
Sagardo dastaketarekin hasi dute festak amaitu bezperako eguneko egitaraua, eta Jta Elektrotxarangaren burrundak animatu du iluntzea. Indamendi elkartean afaria egin dute, eta frontoi ingurura bueltatzean, goizaldera arteko musika eskaintzara batu dira urdanetarrak nahiz festara igotako inguruko lagunak. Gauerdian Komerik-en erromeria, atzetik Indate eta Kroke DJak, eta azkenik, Naza DJa Ximor tabernan, egunak argitu arte.
Bihar amaituko dira Urdanetako San Martin jaiak. Honakoa izango da egitaraua:
- 07:00. Dianarekin oilasko bilketaren hasiera, Larrume eta Beltza bertsolariekin, eta Laja eta Alabier trikitilariekin.
- 14:00. Oilasko biltze bazkaria, Indamendi elkartean.
- 18:00. Herri kirol erakustaldia.
- Jarraian, erromeria Laja eta Alabierrekin.
- Festei amaiera emateko, patata dantza lehiaketa eta Traka zaratatsua.