Aia

Kirol Herri txapelketako bigarren proba jokatuko dute larunbatean Probalekuan

Julene Sorarrain

Iker Vicente aizkolaria, Getariako frontoian, Kirol Herri txapelketako lehen proban. (Guka)

Getarian hasi zen zirkuituko bigarren proba jokatuko dute larunbatean, 17:30etik aurrera. Aizkoran zein harri jasotzen ibiliko dira maila goreneko hamar kirolari, tartean Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Eneko Otaño beizamarra.

Sustraia kirol ekitaldiak elkartearen ekimenez, Kirol Herri sariaren bigarren proba jokatuko dute azaroaren 7an, larunbatez, 17:30ean hasita, Aiako Probalekuan. Getarian ekin zioten txapelketari urrian, eta hitzordu hartan Iker Vicente eta Irati Astondoa nagusitu ziren aizkoran; harri jasotzen, berriz, Gari Garmendia eta Olaia Esnaola gailendu ziren.

Oraingo honetan, Probalekuak hartuko du herri kirol ikuskizuna. Hain zuzen ere, aizkoran Oihana Fernandez de Barrena, Uxue Ansorregi eta Irati Astondoa lehiatuko dira emakumezkoetan. Aldiz, gizonezkoetan Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Eneko Otaño beizamarrak, Aitzol Atutxak eta Oier Mitxelenak neurtuko dituzte indarrak.

Harria jasotzen, partaide bakarra izango da emakumezkoetan, Leire Olea, hain justu. Gizonezkoetan, Aimar Ardanza eta Beñat Telleria ariko dira elkarren aurka.

Finala, Asteasun

Getarian hasitako txapelketak Gipuzkoako hainbat plaza zeharkatuko ditu abendura bitartean. Azaroaren 29an, esaterako, Oikian (Zumaia) izango da txapelketa, eta finala, berriz, abenduaren 31n izango da, Asteasun (Gipuzkoa).

Orotara, 30 kirolari ariko dira nor baino nor finalerako txartela eskuratzeko lehian. Gainera, abendura bitarteko lehian bakarka jardungo dute kirolari horiek, eta aurreratu dutenez, udaberrian taldeka egingo dute txapelketa.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide