Aia

Izeta VI.a hirugarren izan da Euskal Pentatloian

Andoni Elduaien

Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarrak maisutasunez irabazi du txapelketa aurrenekoz. Lehen txanda irabazi duen Beñat Telleria lasartearra sailkatu da bigarren, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a hirugarren. Ioritz Gisasola Zelai IV.ak, Julen Kañamaresek eta Xabat Olaizolak osatu dituzte gainerako hiru postuak; zarauztarrak, gainera, lanak amaitu baino lehenago utzi du txapelketa. 

Sorpresa izan zen atzo Azpeitiko zezen plazan. Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarrak ezustekoa eman zuen, eta aurrenekoz lortu zuen Euskal Pentatloiko txapela janztea. Garaipen argia eskuratu zuen, gainera, Basozabalek, minutu eta erditik gorako tartea atera baitzien, hurrenez hurren, Beñat Telleria lasartearrari (Gipuzkoa) eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrari. Txapela irabazteaz gain, Basozabalek Izetak duela bi urte jokatu zuten Euskal Pentatloiaren finalean egindako denbora hobetu zuen bi segundoan (00.31.51). Laugarren postuan Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabitarra (Bizkaia) sailkatu zen; bosgarren postuan, Julen Kañamares arostegiarra (Nafarroa); eta seigarren postuan, plaza lanak amaitu baino lehen utzi zuen Xabat Olaizola zarauztarra.

Probari ekin aurretik, Oihane Mateos zendu berri den kazetaria omendu zuten zezen plazan, Euskal Pentatloiaren alde egindako lana eskertuz. Mateos zenaren ama eta anaia atera ziren plazara, eta oroigarri bat eman zioten Euskal Pentatloiaren antolatzaileek familiari. Segidan, halaber, minutuko isilune sentikorra egin zuten, kazetaria gogoan. Segituan hasi zen lehia, eta bi txandatan banatuta, hirunaka aritu behar izan zuten kirolariek. Nolanahi ere, sei kirolariek lan bera egin behar izan zuten: 100 kiloko bola 25 aldiz altxatu behar izan zuten; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki; txingetan, 50 kiloko txingekin sei plaza osatu; eta bukatzeko, korrika, hiru kilometro egin, edo bestela esanda, zezen plazari 30 itzuli eman.

Lehen txandan, Telleriak, Zelai IV.ak eta Kañamaresek neurtu zituzten indarrak. Telleriak hasiera hasieratik hartu zien aurrea gainerako biei, eta freskotasun handiz osatu zuen hark bere lana. Zelai IV.a saiatu zen lasartearrari aldea kentzen, baina bai giza probarako, bai aizkorako lanak amaitzerako, bi minututik gorako abantaila zuen Telleriak; txingekin ere denbora tarte horri eutsi zion hark. Kañamares, berriz, giza proban trabatu egin zen, batik bat, eta hirukoteko azkena izan zen handik aurrerako lanetan. Azkenean, 00.32.33 denboran amaitu zituen lanak Telleriak, 00.34.40 denboran Zelai IV.ak eta 00.36.54 denboran Kañamaresek. 

Bigarren txandan plazaratu ziren eguneko hiru faborito nagusiak: Izeta VI.a, Olaizola eta Basozabal. Txanda mugitua izan zen. Olaizolak kemen handiarekin hasi zuen lana, eta hirukoteko onena izan zen harria jasotzen; Izeta VI.a atera zen bigarren proba horretatik, eta Basozabal hirugarren. Seikoteko gazteena, Basazabal, indarrarekin azaldu zen plazara, eta giza proban atzetik aurrera egin zuen; hala, Olaizolak eta Basozabalek batera-batera osatu zituzten bi plazak. Dena den, txapeldunak ondorengo bi probetan lortu zuen lehia bere aldera haustea. Ordura arteko denborak hartuta, Telleria zen aurrena, baina aizkoran bizi eta ondo egin zuen lana donostiarrak, eta lehen tarte zabalak bereganatu zituen orduan: minutu eta hamabost segundoko tartea zabaldu zuen Telleriarekiko, eta minutu eta hemeretzi segundokoa Izeta VI.arekiko. Olaizola, berriz, bete egin zen aizkorako lanean, eta seikoteko azkena kokatu zen txingei heldu aurretik. 

Basozabalek indarra erakutsi zuen txingekin ere, eta plazak joan-etorrian eginez, lehen postua sendotu baino ez zuen egin. Korrikako proban Izeta VI.a baino minutu eta 39 segundo lehenago hasi zen Basozabal, eta bere erritmora pausa handiz osatu zituen 30 itzuliak. Txapeldunak ez zuen inoiz txapela arriskuan ikusi, eta gozatuz nahiz gozaraziz aurrenekoz irabazi zuen txapela.

Txapeldunak lanak amaitzean, berriz, bigarren posturako borroka piztu zen; izan ere, Telleriaren denbora (00.32.33 denbora) zen postu hori lortzeko mugarria. Izeta VI.ak hortzak estutu zituen amaieran, baina, azkenean, segundo bakar baten aldeak banatu zituen bi postuak Telleriaren alde –00.32.34 denboran amaitu zuen lana Izeta VI.ak–. Gainera, lasterka plazan azken itzuliak egiten ari zela Izeta VI.ak irailaren 1ean hil zuten Alex Aizpuru Etxaun izan zuen gogoan; Aiako kirolariak haren aldeko kamiseta eskuetan hartuta osatu zituen azken plazak. Olaizolak, bere aldetik, egin zuen egoerari buelta emateko saiakera, eta majo sufritu eta gero, korrika hasi bezain pronto utzi zuen plaza. 

Sailkapena:

  1. Jokin Urretabizkaia Basozabal: 00.31.51.
  2. Beñat Telleria: 00.32.33.
  3. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: 00.32.34.
  4. Ioritz Gisasola Zelai IV.a: 00.34.40.
  5. Julen Kañamares: 00.36.54.
  6. Xabat Olaizola: erretiratu egin da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide