Urtebeteko etenaldiaren ostean, datorren larunbatean kirol hitzordu garrantzitsua izango da Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita: Euskal Pentatloiaren finala. Sei kirolari ariko dira buruz buru; horietatik bi, gainera, Urola Kostakoak: bosgarren txapelaren bila ariko den Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, lehendabiziko txapelaren bila ariko den Xabat Olaizola zarauztarra, Julen Kañamares arostegiarra (Nafarroa), Beñat Telleria mutiloarra (Gipuzkoa), Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabiarra (Bizkaia) eta Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarra. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten larunbateko finala, Azpeitiko zezen plazan bertan egindako ekitaldian.
Hainbat lan gauzatu beharko dituzte sei kirolariek: 100 kiloko bola 25 aldiz altxatu beharko dute; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin beharko dituzte; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki beharko dituzte; txingetan, 50 kiloko txingekin sei plaza egin beharko dituzte; eta bukatzeko, korrika, hiru kilometro osatu beharko dituzte, zezen plazari bueltaka.
Finalerako sarrerak dagoeneko eskuragai daude Entradium.com plataforman eta Euskatloia.com webgunean, 35 euroren truke, eta larunbatean bertan ere sarrerak erosteko aukera izango da zezen plazako leihatilan, 20:00etatik aurrera. Zezen plazako ateak lehia hasi baino ordubete lehenago zabalduko dituzte, 21:00etan alegia, eta ordubete horretan Goiko DJ zumaiarra ariko da giroa jartzen. Lehiari ekin aurretik, gainera, duela gutxi hil den Oihane Mateos kazetariari omenaldia egingo diote, "Euskal Pentatloiaren alde eta kirolaren alde egin duen lanagatik".
Izeta VI.ak bosgarren txapelaren bila joango dela ziurtatu zuen atzoko aurkezpenean, baina badakiela estu hartuko dutela aurkariek. "Badakit mundu guztia niri begira egongo dela eta baita niri txapela kentzeko zain ere, hori izaten da txapeldunaren legea". Baina etxeko lanak oso ondo eginda datorrela adierazi zuen, eta sekula baino sasoi puntu hobean datorrela. "Gauzak ondo egiten baditut, lanak izango dituzte niri txapela kentzen".
Iaz izandako lesioa erabat gaindituta iritsiko dela esan zuen aiarrak, neguan lan asko eginda datorrela. "Egia da udan txakalaldi handi bat izan dudala eta ez naizela nire sasoi punturik onenean izan, baina buelta eman diot eta uste dut ez naizela sekula orain bezain ondo egon". Lau txapelekin gustura dagoen arren, bosgarrenaren bila doala baieztatu zuen, eta gainera, bosgarrena berezia izango dela; izan ere, duela aste batzuk Azpeitian tiroz hil zuten Alex Aizpuru Etxaun lagunari eskaini nahi dio larunbateko garaipena.
Dena dela, Olaizola ez dago Izetari txapela bereganatzen uzteko prest, eta halaxe adierazi zuen atzo. Motibazioz gainezko dagoela adierazi zuen zarauztarrak, eta beti bigarren gelditzeaz nazkatuta, txapela duela helburu. "Uste dut urtebeteko etenaldiak kalterik gutxien egin dion kirolaria ni naizela, aizkorako eta harri jasotzeko txapelketetan jarraitu baitut, eta haria ez baitut galdu. Modalitate bakarrean aritzen direnek agian arazo gehiago izango zituzten horretarako, baina ez da nire kasua".
Garaipen gosez dator zarauztarra: "Bigarren mailan bigarren egin nuen, lehenengo mailan bigarren egin nuen, bikoteka bigarren egin nuen... beraz, txapelaren bila nator oraingoan". Eta lanak behar bezala egiten baditu, aukerak badituela ikusten du: "Txapela niretzat izango dela esatea errealista dela uste dut, iruditzen zait karta dezente ditudala nire alde".