Aiako Pala Taldea denboraldi berria hasteko prest da. Aurten, gainera, erronka berezia izango dute aiarrek: hiru mailatan izango dute ordezkaritza Gipuzkoako Pala Txapelketan. Guztira, hiru hilabete inguruko iraupena izango du lehiaketak, eta lehenengo jardunaldia asteburu honetan jokatuko dute.
Hirugarren mailako palistek emango diote hasiera txapelketari. Aiako taldeak bi bikote izango ditu maila horretan: batetik, Aia 1, Zigor Esoainek eta Oier Izetak osatua; eta, bestetik, Aia 2, Asier Alberdik eta Manex Albenizek osatua. Aia 1 taldeak Zarautzen aurka jokatuko du ostiral honetan, Aritzbatalde pilotalekuan, 19:15ean. Aia 2-k, berriz, etxean ekingo dio txapelketari, larunbatean, 09:00etan, Zestoaren aurka. "Ilusioa daukagu zerbait polita egiteko bikote horiekin. Potentziala badago bigarren mailara igotzeko, eta hori lortzeko borrokatuko dute", azaldu dute Aiako Pala Taldeko kideek.
Aiako palistek azaldu dutenez, Gipuzkoako Txapelketak badu berezitasun bat. Izan ere, beste hainbat lehiaketatan palistek nahi duten mailan eman dezakete izena; Gipuzkoakoan, ordea, aurreko denboraldian lortutako emaitzak hartzen dira kontuan. "Meritokrazia aplikatzen dute", azaldu dute. Lehenengo mailaren kasua da horren adibiderik argiena: zortzi bikotek soilik osatzen dute maila gorena, eta txapelketaren amaieran, azken bi sailkatuek maila galduko dute.
Maila horretan ariko da aurten Iban Aldalurrek eta Garikoitz Zubillagak osatutako bikotea. Iaz bigarren mailan aritu ziren eta, finala irabazi ondoren, lehen mailarako igoera lortu zuten. "Palista onenekin lehiatuko gara aurten, eta txapelketa zaila izango da, aurkariak nortzuk diren ikusita. Gure helburua, dena den, postua mantentzea izango da; horrekin asebeteta izango ginateke", aitortu du Zubillagak.
Bigarren mailan, berriz, Aimar Aranberri eta Iker Lizaso ariko dira. Iaz hirugarren mailatik igo ziren, eta aurten, maila berrian ahalik eta ondoen lehiatzea izango dute helburu. Klubaren ikuspegitik, ordea, badago helburu zabalago bat ere: lehen eta bigarren mailan ordezkaritza izaten jarraitzea. "Klub bezala, lehen eta bigarren mailatan ordezkaritza izaten jarraitu nahi dugu, hurrengo urtera begira. Anbizio handiko helburua da, izan ere, Aia bezalako herri batentzako ordezkariak hiru mailatan edukitzea bakarrik ikaragarria baita", azaldu du Zubillagak. Horrela, Aiako Pala Taldeak hiru mailatan eta lau bikoterekin ekingo dio denboraldi berriari. Orain, pilotalekuan dena emateko garaia izango da.