Gipuzkoako Artzain Eguna ospatu zuten atzo, igandea, Legazpin (Gipuzkoa), eta egitarauaren barruan, Gipuzkoako 42. Artzain Gazta Lehiaketako sariak banatu zituzten. Hain zuzen ere, 20 gazta aurkeztu zituzten probara, eta sailkatutako hamar hoberenek urriaren 11n Idiazabalen jokatuko den Euskal Herriko Gazta Txapelketarako txartela lortu dute.
Sari banaketarekin hasi aurretik, ordea, omenaldia egin zieten hiru artzainei. Hain justu, Aiako Orortegi baserriko Iñigo Eizagirrek jaso zuen aitortza atzoko ekitaldian, baita Ameriketako Estatu Batuetan artzain ibilitako Juan Carlos Olasagasti eta Miguel Taberna lesakarrek ere. Hirukotea oholtzara igo zen oroigarriak jasotzera, eta, bitartean, dantzariek aurreskua dantzatu zieten.