Aia

Eskaintza zabala izango dute Iturraranen aste honetan

Julene Sorarrain 2026ko irailaren 1a

'Galdutako erlearen bila' orientazio jolasa. (Aran Aldai)

Besteak beste, Agorregira bisita gidatuak, orientazio jolasak eta tailerrak antolatu dituzte aste honetarako. Ekintzetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.

Askotariko jarduerak antolatu ditu Aiako Iturraran parketxeak aste honetarako. Ohi bezala, Agorregiko burdinola eta errota martxan izango dira, eta asteburuan bisitatzeko aukera izango dute herritarrek. Doakoak izango dira bisitak, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz eskainiko dituzte: euskaraz 11:15ean hasita, eta gaztelaniaz 12:00etan hasita.

Hori ez ezik, bi orientazio jolas ere antolatu dituzte. Alde batetik, erleen sekretuak, ezti dastaketa eta kandelgintza tailerra uztartzen dituen Galdutako erlearen bila jolasa egingo dute irailaren 6an. Bestetik, Udako altxorrak orientazio jolasean parte hartzeko aukera izango du familia osoak, asteartetik igandera bitartean. Hain zuzen ere, orientazio mapa baten laguntzaz, Iturrarango Lorategi Botanikoan balizak topatu beharko dituzte parte hartzaileek, eta horretaz gain, naturako gaiei buruzko galderei erantzun beharko zaie altxorra bilatu ahal izateko.  

Azkenik, parketxe barruan instalatutako kristalezko erlauntza behatzeko aukera izango da iraileko igandetan. Bisiten ordutegia 13:00etatik 14:00etara izango da. Helduen sarrerak bost euro balio du, eta haurrenak, berriz, lau euro.

Izen ematea, zabalik

Jardueren inguruko informazio gehiago eskuratzeko edota izena emateko, interesdunek 943-83 53 89 telefono zenbakira deitu dezake, baita iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide