Aiako festak 2026

Giro onean hasi dute aiarrek San Lorentzo eguna

Mireia Galarza Bastida 2026ko abuztuaren 10a

Aiar ugari bildu da bertan, hainbat adin tartetakoak, eta kirol hitzordua ikusteaz gain, sabela betetzeko astia ere izan dute. 

San Donato eta San Lorentzo festak direla eta, festan murgilduta daude aiarrak duela lau egunetik. Gaurkoa, San Lorentzo eguna, ordea, bosgarrena eta azkena izango da. Mezarekin hasi dute eguna, eta jarraian, herritarrak frontoira joan dira, pilota partidak ikusteko asmoz. Aiar ugari bildu da bertan, hainbat adin tartetakoak, eta kirol hitzordua ikusteaz gain, sabela betetzeko astia ere izan dute. 

Izan ere, salda, edaria eta bestelako zizka-mizkak banatu dituzte eserita zeuden adinekoen artean, atzetik pilota hotsa zela. Pilota partidak, baina, ez dira gaurko kirol hitzordu bakarra izango Aian, arratsaldean Binakako Aizkora txapelketa jokatuko baitute leku berean, 17:30ean hasita. Zehazki, hurrengo bikoteek parte hartuko dute bertan: Eneko Otaño eta Arkaitz Etxebeste, Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugertza, eta Julen Alberdi eta Xabier Zaldua. 4. arroa jardunaldiko finala ere izango da, eta bertan izango dira Maddi Gesalaga, Ane Cestau, Alba Zubiria eta Maddi Salterain. 

Kirolaz gain, kalejira, erromeria, kontzertuak eta aulki jolas txapelketa ere izango dira festa amaitu aurretik: 

  • 17:30. Herri kirol jaialdia.
  • 18:30. Kalejira buruhandi eta trikitilariekin, herriko kaleetan zehar.
  • Ondoren, Joselu Anaiak taldearekin erromeria.
  • 00:00. Traka eta Txapela Bravaren kontzertua.
  • Goizaldean, Aiako aulki jolas txapelketa ofiziala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide