Aiako festak 2026

Erronkek bete dute Aiako plaza

Mireia Galarza Bastida 2026ko abuztuaren 10a

Lauko talde mistoetan banatuta, hainbat proba osatu behar izan zituen talde bakoitzak, hala nola modelo erakustaldia egitea, epaimahaikideek osatutako galderak erantzutea edo zapatak elkarri aldatuta korrika egitea.

Sardina jana, toka txapelketa eta Gaztelubidekoen kanten ondotik, arratsaldean ere festa eta kolorea izan zen nagusi Aian atzoko egunez. Gazte asanbladak antolatuta, erronkak izan ziren ardatz 17:00etatik aurrera, lehenik 16 urtez azpikoekin eta gero nagusiagoekin. 

Gaztetxoena izan zen estreineko txanda. Haiek hainbat proba egin zituzten: begiak itxita lauki baten barruan mantentzen saiatu, baloia buru parean zutela edo hatz puntetan boligrafoa jarrita plaza bat egin... Giro paregabean osatu zituzten probak, eta bi taldek lortu zuten lehen postua. Bata Abel, Markel, Auritz eta Aiertek osatutakoak, eta bestea Yerai, Oier, Amets eta Abdullah-k.

Helduenean, berriz, lauko talde mistoek osatu zuten erronka, eta horiek ere hainbat proba osatu behar izan zituzten, hala nola modelo erakustaldia egitea, epaimahaikideek osatutako galderak erantzutea edo zapatak elkarri aldatuta korrika egitea. Parte hartzaileez gain, goraino bete zen plaza, asko izan baitziren harriduraz ekintzei begira egon zirenak. Behin hori amaituta, kalejira eta kantujira egin zituzten arratsaldean. Gauean, berriz, tonbola eta karrozak hartu zuten plaza. 

Gaur, San Lorentzo egunez, ekintzez gozatzeko aukera izango dute herritarrek, eta horiekin amaituko dituzte festak aiarrek: 

  • 11:00. Meza Nagusia.
  • 12:00. Pilota partidak:
    • Lehen partida (gaztexoak eskuz): Atorrasagasti-Caballero Jauregi-Illarramendiren aurka.
    • Bigarren partida (gizonezkoak eskuz): Orbegozo-Irazustabarrena Aranbarri-Albenizen aurka.
  • Ondoren, herriko adinduei eskainitako bazkaria, eskolako jangelan.
  • 17:30. Herri kirol jaialdia.
  • 18:30. Kalejira buruhandi eta trikitilariekin, herriko kaleetan zehar.
  • Ondoren, Joselu Anaiak taldearekin erromeria.
  • 00:00. Traka eta Txapela Bravaren kontzertua.
  • Goizaldean, Aiako aulki jolas txapelketa ofiziala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide