Aiako festak 2026

Festekin jarraitzeko, gaur Umeen Eguna

Onintza Lete Arrieta

Etxeko txikienentzat prestatutako ekintzak izan dira goiz partean. Arratsaldean apar festaz gozatuko dute, eta iluntzean kontzertuen txanda izango da, hori herritar guztientzat aproposa, Gozategi, Zopilotes Txirriaos eta Afonica Naranjo izango baitira oholtza gainean. Eguna Indate DJaren musikarekin amaituko dute.

San Donato eta San Lorentzo jaiak ospatzen ari dira Aian, eta gaur Umeen Eguna dute. Horregatik, haientzako prestatutakoak izan dira goizeko lehen ekintzak: taldetan banatuta hainbat joko egin dituzte aurrena, gero gurasoen kontra aritu dira beste zenbait proba egiten, eta azkenik, familien bazkarian parte hartu dute. Arratsaldean, gainera, apar festa izango dute, 16:30ean hasita. 

Iluntzeko egitaraua ere egokia izango da etxeko txikienentzat, baina baita gainerako aiarrentzat ere. 19:30ean kalejira egingo dute buruhandi eta trikitilariekin herriko kaleetan zehar, eta 21:30ean kontzertuen txanda iritsiko da: Gozategi, Zopilotes Txirriaos eta Afonica Naranjo izango dira oholtza gainean. Eta eguna amaitzeko, berriz, Indate DJa.

(Argazkiak: Jai batzordea eta Onintza Lete Arrieta)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide