Aiako festak 2026

Haurren pare jolastuz hasi dute Aian VIII. Gazte Eguna

Maddi Txintxurreta 2026ko abuztuaren 1a

Txosna ireki ostean taldeen arteko jolasak egin dituzte Aian, eta lehiaketara aurkeztutako paellak elkarbanatu dituzte gazte bazkarian. Arratsaldetik aurrera, musika izango da protagonista.

Giro ezin hobean hasi dute aiarrek VIII. Gazte Eguna. Plazan elkartu dira haur izatera jolastu nahi zuten gazteek, baina aurrena, xanpain botila bat leherraraziz ireki dute txosna. Aiako Gazte Asanbladako kideek hitza hartu dute festak gainezka egin aurretik, eta gogorarazi dute Gazte Eguneko festak herrigintzan jarduten duten eta txosnetan txandak egiten dituzten herritarren beharra duela. Aiatik munduko gainontzeko herri txikietara elkartasun mezua haizatu dute, Palestinara bereziki, eta etxebizitza larrialdiaren aurrean, herri txikietan bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Aian inolako erasorik ez dutela onartuko nabarmendu ostean hasi dira "ume handientzako jolasekin". Hamar talde aritu dira elkarren kontra umorea eta giro ona gailendu diren lehian.

Jolasak amaitu bezain laister, lehiaketara aurkezteko paellak prestatu dituzte gazteek, eta goizean akitutako indarrak berreskuratu dituzte gazte bazkarian.

Arratsaldetik aurrera, musika izango da protagonista Aian. 18:30ean hasita, Elektrotxuflak girotuko ditu herriko kaleak, eta iluntzean, hiru kontzertuz gozatzeko aukera izango da, Herenegun, Leihotikan eta Bad Sound System igoko baitira oholtzara. Jarraian, DJ Boletus Rumberusek izango du gauari amaiera emateko ardura.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide