Lorentz Orbegozo eta Unai Albeniz: "Oiartzunen kontra etxean lortutako garaipenarekin gelditzen gara"

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 14a

Orbegozo eta Albeniz, Aiako pilotalekuan. (Onintza Lete Arrieta)

Uztaileko Aia-Orio Guka aldizkariko Hitz Tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Txikitatik dabiltza pilotari emanak Lorentz Orbegozo (Aia, 2000) eta Unai Albeniz (Aia, 2003). Ia hamarkada baten ondoren, Aiak berriz osatu du taldea Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan eskuzko modalitatean lehiatzeko, eta biek osatu dute nagusien edo seniorren bikotea. Egindako lanarekin pozik daude, eta datorren urtean berriz parte hartzeko gogotsu. Orain, uda partean, han eta hemen jarraituko dute txapelketetan parte hartzen eta bazterrak ezagutzen. Pilotari esker, "herri txiki polit eta jende asko ezagutzen" dela diote, eta "ederra" deritzote horri.

Urte batzuk pasatu dituzue eskuzko Herriarteko Txapelketa jokatu ezinik, baina aurten atera duzue taldea. Zer moduz?

Lorentz Orbegozo: Orain zortzi urte lehiatu ginen azkenekoz. Ordura arte, lau urtez jarraian jardun genuen, baina gero ez genuen lortu hiru mailetan –kadete, jubenil eta senior– taldea osatzerik. Beraz, plazera izan da aurten lehiatu ahal izatea.

Aurreneko kanporaketa gainditzea zenuten helburu, eta bigarrenean ere ez zarete garaipenetik urrun ibili.

Unai Albeniz: Hala da. Zizurkil kanporatu ondoren, Oiartzunen kontra aritu ginen. Joaneko partidak etxean izan genituen, eta irabazi egin genuen. Oiartzunen, berriz, gure esku egon zen kanporaketa pasatzea, baina gaizki atera zitzaigun dena.

Oiartzun ez da edozein aurkari, iazko txapelduna baizik...

L.O.: Hala da. Lehiako faboritoa izanik, oso zaila zen guretzat haren kontrako kanporaketa irabaztea. Ezustekoa eman genuen Aian 2 eta 1 irabazita, eta Oiartzungo itzulerakoan, presio handia izan zuten irabazteko. Ez genuen aurrera egiterik lortu, baina egindako lanarekin oso pozik gelditu ginen.

Zuek biok ez zarete berriak txapelketa horretan, ezta?

U.A.: Ez, duela zortzi urte Lorentz seniorretan aritu zen Herriartekoan, eta ni kadeteetan. Orduko hartan aurrenekoan kaleratu gintuzten.

Hortaz, aurtengorako gogotsu izango zineten...

L.O.: Bai, eta gainera, herriko jende pila bat joan zen, bai etxeko partidetara, bai kanpokoetara. Ez genuen halakorik espero, eta giro oso polita izan genuen hitzorduetan.

U.A.: Aiako Udalari esan genion taldea aterako genuela, eta asko lagundu digu, baita babesleek ere. Frontoia betetzea lortu dugu, eta kanpoan ibili garenean ere, aiar asko joan dira gu animatzera. Horrekin oso harrituta gelditu gara.

Pilotariontzat txapelketa berezia da Herriartekoa, ezta?

L.O.: Bai, herriaren izenean aritzea, herrian jokatzea eta halako giroa sortzea oso pozgarria izaten da. Oso gustura jokatu dugu.

Herri txikia da Aia. Badu meritua taldea osatzeak eta lehiatzeak, ezta?

U.A.: Ez da erraza Aian pilotari gazteak aurkitzea, txikitatik federatuta egon behar dutelako. Dena den, osatu dugun taldeko jendea ederki aritzen da pilotan, eta uste dut beste bizpahiru urtetan taldea ateratzeko modua izango dugula. Are gehiago, talde dezente ona osatuko dugula uste dut.

L.O.: Herrian pilota elkarterik ez dago, baina oraintsu, haur batzuk hasi dira pilota goxoarekin entrenatzen. Ea horiek horretan jarraitzen duten.

Herriartekoa lehiako zein unerekin gelditzen zarete?

L.O.: Etxeko pilotalekuan Oiartzunen kontra irabazitako 2 eta 1ekoarekini. Jende asko izan zen frontoian, eta guk maila ona eman genuen.

U.A.: Ni ere bai. Kanporaketa bat pasatzea zen gure helburua, Zizurkil gainditu genuen, eta bagenekien Oiartzun garaitzea zaila izango zela. Dena den, egindakoarekin gustura gelditu ginen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide