Aia

Ozar izarrak ikusteko aukera izango da hilaren 14an eta 15ean, Iturraran parketxean

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 1a

Izarrez beteriko zerua, artxiboko irudian.

Jesus Arregi adituaren gidaritzapean, konstelazioen behaketak egingo dituzte hilaren 14an eta 15ean Aiako Iturraran parketxean, "perseiden izar malkoak" deituriko meteoro jasak ikusteko. Ekintzan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena.

Ozar izarrak ikusteko Astronomia Gaua antolatu du beste urte batez Aiako Iturraran parketxeak. Jesus Arregi adituaren laguntzarekin konstelazioen behaketa egingo dute, "perseiden izar malkoak" deituriko meteoro jasak ikusteko. Iazko edizioaren arrakasta ikusita, aurten bi saio eskainiko dituzte: abuztuaren 14an eta 15ean izango dira horiek, ostiralez eta larunbatez.

Behaketan, ozar izarrak ikusteaz gain, konstelazioen inguruan ere ikasiko dute bisitariek. Arregik azaldu duenez, zeruan erraz ikusten diren konstelazioak behatuko dituzte, zehazki Udako Triangelua izenekoa: Beltxargak, Arranoak eta Lirak osatzen dute triangelu hori, hain justu. Konstelazio bakoitzean, gainera, hilabete beroetan erraz ikusten den izar gidari bat nabarmentzen dela kontatu du Arregik. 

Hala, 21:30ean hasita, Iturraranen bertan egingo dute behaketa, eta ekintzan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena. Helduek zortzi euro ordaindu beharko dute bisitagatik, eta, haurrek, berriz, sei euro. Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, 943-83 53 89 zenbakira deitu edota iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi daiteke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide