Askotariko arrazatako ganaduen 34. enkantea izango da bihar, igandez, Aiako Testaje Zentroan. Batetik, limusin arrazako haragitarako idisko ugaltzaileak salduko dituzte; eta bestetik, blonda eta limusin arrazetako ugalketarako hainbat abelburu. 11:45ean egingo dute aurkezpena, eta 12:00etan hasiko da enkantea. Orotara, 24 abelburu aterako dituzte, eta aurrez aurre gauzatuko dute enkantea.
Enkantean izango den ganaduaren gehienagoa Gipuzkoako baserrietakoa izango da; gainerakoan, zortzi izango dira Bizkaikoak eta bi Arabakoak. Bloda arrazako abelburuek 4.200 euroko irteera prezioa izango dute; limusinen kasuan, berriz, 3.800 eurokoa RJ izendapena dutenek eta 3.000 eurokoa RP izendapendunek. Gero, haragitarako limusin arrazako dozena bat idisko aterako dituzte enkantera, 3.000 euroko abiatze prezioarekin.