Gipuzkoako Foru Aldundiak lizitaziora atera ditu GI-2631 errepideko Erreistako jaitsieran egingo diren egonkortze lanak. Ia 4 milioi euroko aurrekontua izango duen esku hartzearen helburua "urte luzez arazoak sortu dituen tarteari behin betiko irtenbidea ematea eta errepidearen segurtasuna bermatzea" dela argitu du Aiako Udalak.
Hain zuzen ere, azken urteetan, udalak eta aldundiak elkarlanean jardun dute, Erreistako jaitsierako arazoari "irtenbide iraunkorra" emateko. Orain, obren lizitazioa argitaratuta, proiektuak beste "urrats garrantzitsu bat" eman du, eta gauzatzetik gero eta gertuago dago. "Urte askotako lanaren ondoren, albiste honek erakusten du bide onean goazela. Erreistako jaitsierako arazoari behin betiko irtenbidea emateko gero eta gertuago gaude, eta hori albiste oso ona da Aiarentzat", adierazi du Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak.
Aldundiak aurkeztutako proiektuak irtenbide tekniko zehatza aurreikusten du lur mugimenduek eragindako ezegonkortasunari aurre egiteko, errepidearen egonkortasuna epe luzera bermatzeko helburuarekin. Beraz, udalak eskerrak eman nahi dizkio aldundiari proiektu hau aurrera eramateagatik, eta obrak datozen hilabeteetan martxan jartzea espero du. Bestalde, lanek 13 hilabete iraungo dutela ere aurreikusi dute, baina oraindik ezin dute zehaztu nolako eragina izango duten trafikoan.