Aia

Aiako palistak Herriarteko Pilota Txapelketaren finalaren atarian gelditu dira

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 20a

Joanekoan bezalaxe, Azkoitia 2-1 nagusitu zitzaion Aiari atzo Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatutako itzulerako jardunaldian. Ondorioz, Azkoitiak finalera sailkatzeko txartela eskuratu du. 

Aiako palistak Gipuzkoako Herriarte Pilota Txapelketaren finalaren atarian gelditu dira. Atzo, ostiralez, txapelketaren finalerdietako itzulerako partidak jokatu zituzten Azkoitiko Gurea pilotalekuan, Azkoitiaren aurka, eta etxetik kanpo eskuratutako emaitza bera berretsi zuten azkoitiarrek –2-1 irabazi zuen Azkoitiak joanekoan eta itzulerakoan–. 

Kantxa osoko buruz burukoan, Azkoitiko Iker Epeldek 20-11 irabazi zion Aimar Aranberriri; binakakoan, Marcos Azpirozek eta Igor Larrañagak 3-20 galdu zuten Aiako Izetaren eta Lizasoren aurka; eta zazpi koadro barruko buruz burukoan, Jokin Aizpuru 20-10 nagusitu zitzaion Aiako Iban Aldalurri. Azken partida erabakigarria izan zen, tanto kopuruari erreparatuta, ia ziur irabazten zuena sailkatuko baitzen final handira. 

Azkenean, Azkoitiak finalera sailkatzea lortu zuen. Finala ekainaren 28an, igandez, jokatuko dute, beste adarrean nor baino nor gehiago ari diren Tolosaren edo Andoainen aurka. Joanekoan, Tolosak 2-1 irabazi zuen lehia Tolosako Beotibar pilotalekuan; gaur eguerdian dira jokatzekoak itzulerakoak, Andoaingo Arrate pilotalekuan. Bien arteko lehia irabazten duena izango da Azkoitiko palisten aurkaria final handian. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide